Elkarrekin Arrasatek galdetu dio ea zergatik egin ziren bi kontratu. EH Bilduk argitu du gauza ezberdinak izan zirela “Bizikidetza Batzordearen erabakiak”, Memoria Plazako biktimen testigantzak esaterako, eta erakusketaren karparen kontratazioa.
Elkarrekin Arrasatek eta EH Bilduk 2016ko Udal-gobernuaren ustezko azpijokoaren gaia eraman dute Udalbatzara.
“Seguruenik zuetako batzuek – adierazi du Igor Urizar zinegotziak EAJ-PNVko zinegotziei zuzenduta – ezaguna izango zaizue Aitor Elorza Gurrutxaga”.
“Negozio-gizon arrakastatsua da, eta 2009tik bere sozietate taldeak 2.300.000 € poltsikoratu ditu Hondarribiko Udalaren aldetik. Bertan EAJk gobernatzen zuen eta kontratuak ‘ a dedo’, zuzenean izan ziren”.
“Guztira bere taldeak 366 kontratu jaso ditu zuzenean, lehiaketa barik, eta hala 2.500.000 € eskuratu ditu. Dirutza hori jaso du soilik EAJ-ko udaletatik”.
2016an Arrasateko Udalak kontratazioak ‘a dedo’ egin ahal zituen (lehiaketarik gabe) kontratazioa 18.000 € baino gutxiagokoa bazen (BEZ barne).
Montai Taldearen karpa zerbitzuaren prezioa, baina, 18.000 € baino gehiagoko zen, eta beraz, Udal-gobernuak ezin zuen zerbitzu hori lehiaketa barik adjudikatu.
Agiriek erakusten dute bi kontratu egin zirela: Gogora Institutuak 3.509 € ordaindu zituen, karpako kontrapisuen truke, eta Udal-gobernuak erabaki zuen beste dirua Udalak jartzea.
Trikimailu hau gaurko udalbatzarrera eraman du oposizioak, Udal-gobernuari azalpen eske. Elkarrekin Arrasatek bi galdera egin dizkie EAJ-PNV eta PSEri:
- Zergatik egin ziren bi kontratu ekitaldi bakarrerako?
- Estali La Karpa sozietateak azpikontratatu al zuen Langreana de Karpas?
Udal-gobernuak ez die oposizioaren galderei erantzun. Bere hitzetan, trikimailuaz informatu dugun hedabideok informazio “ez egokia” eman dugu. Hala ere, ez du zehaztu zergatik ez omen den “ez egokia”.
Esan duenez kontratazioaren inguruko “informazio dena” udal-webgunean ikusgai dago, baina bertan azaltzen diren datuek ez dute argitzen, adibidez, zergatik egin zituzten bi kontratu.
Azpimarratu du Memoriaren Plazak “Arrasateko elkarbizitzarako onuragarria” izan zela, besteak beste “Isaias Carrascoren alabaren eta Etxaberen alabaren testigantzekin”.
EH Bilduk argitu du gauza ezberdinak izan zirela “Bizikidetza Batzordearen erabakiak (Memoria Plazaren ideia onartzea)” eta “Udal-gobernuak Estali La Karpa kontratatzea”.
Kontratuari dagokionez, “alkateak erabaki zuen, Tokiko Gobernuaren bitartez, zein kontratatu, nola eta zenbat kontraturekin. Erabaki hauek ez ziren jorratu Bizikidetza Batzordean, herriak jakin dezala”.