Udal-gobernuak erabakia du hiribide honetan debekatzea “automozioari lotutako jarduerak”. Hala ere, zehaztu du “toleratuak izango direla lehendik dauden jarduerak”.
Plenoil SL enpresak Arrasateko Udalari Gipuzkoa etorbideko 16an erregaia hornitzeko unitatea jartzea eskatu zion.
Enpresa espainiarrak ohi baino prezio merkeagoan eskaintzen ditu erregaiak, “low cost” deitu izan zaiona, bere gasolindegietan langilerik ez baitu jarduten.
Plenoilen eskaerari helegiteak aurkezteko epea aurtengo ekainaren 15ean ireki zen, eta hilabetez egon zen zabalik.
Adierazi behar da aurtengo apirilean Udal-gobernuak erabaki zuela Gipuzkoa etorbideko 16a dagoen eremu osoan (teknikoki A.E.70 – Zigarrola eremua deitutakoan) “obra-baimen eta -lizentzia guztiak bertan behera uztea”.
Ildo berean, Udal-gobernuak aurten ere “Gipuzkoa etorbidean dauden eraikinetan baimendu daitezkeen erabilera xahutuen berrantolaketa” onartu du.
Berrantolaketaren helburua izan dira Gipuzkoa etorbidean “mugikortasuna eta oinezkoen erabilera sustatzea”.
Gobernuak bertan “debekatutako erabilera xehatu”en artean, “automozioari lotutako jarduerak” daude. Hala ere, zehaztu du “toleratuak izango direla lehendik dauden jarduerak”.
Era berean, Udalak finkatu zuenez “ez dira baimenduko ibilgailuen trafikoa gehitzea eragin dezaketen eraldaketak, handitzeak, edo berrikuntzak”.
Plenoilek Bergarako Udalari ere eskaera egin zion, Santalaitzeko 3an gasolindegia eta ibilgailuak garbitzeko gunea jartzeko.
Hala ere, oraingoz behintzat (uztailaren 31n) kale horretan, hau da, ITVa dagoen eta Guass diskoteka zegoen kalean, ez da obrarik egin.
Arrasatera itzulita, Petroprix gasolindegia egiteko obrak abiatu ziren, Araba hiribidean. Hasi zituzten arren, tokiko obrek behintzat azkenaldian ez dute aurrera egin.




