Biek ala biek “gure besarkadarik beroena” helarazi diote emakume gazteari eta gertukoei. “Kaleak ere gureak dira” gogorarazi dute, eta hainbat hedabidek, adingabeari “zaintza ukatuz”, “beldurra eta jarrera erreakzionarioak” eragin dituztela salatu dute.

“Ez zaude bakarrik” helarazi diote adingabeko pertsonari, eta “oso haserre gaudela” azpimarratu dute.
Izan ere, “ez dugu nahi jaiguneetan, gure herriko kale eta parkeetan, espazio publikoan mesfidati ibili”.

Haserrea adierazi dute “jaiak ere gureak badirelako, eta guk ere gozatzera irten nahi dugulako”. “Haserre gure gorputzekin nahi duzuena egin dezakezuela uste duzuelako. Ez dugu onartzen gure gorputzen eta bizitzen aurkako erasorik”.
“Ez dugu onartzen horren ardura gure gain jartzea, gaia morboz tratatzea, edota gertatzen ari denari garrantzia kentzea. Ezta gure askatasunari mugarik jartzea ere”.

Horregatik guztiagatik, atzo Zumaian egin bezala, Arrasate ere kalera irten da herritar ugari “gauez kalean libre ibili nahi dugula aldarrikatzeko, eta ez ausart. Kaleak eta gauak gureak ere badira”.
“Beste behin erasoa jasan duen emakumea babestu beharko lukeen sistemak huts egin du”, salatu dute.

Gaitzetsi dute adingabeko emakumearen “eskaeraren kontrara, eta bere babesa apurtuz, erasoaren salaketa eta informazioa hedabideetara filtratu delako”.
Hainbat hedabidetan “erasoa jasan duen pertsonaren zaintza, duintasuna eta konfidentzialtasuna albo batera utzi, eta begirada sentsazionalista gailendu delako, tratamendu arduratsuaren ordez”.

Jokabide horrek “gertaeraren egiturazko jatorria aztertu beharrean, beldurra hedatu du eta jarrera erreakzionarioak elikatu ditu”.
Ildo horretan, “indarkeria matxistak hamaika aurpegi ditu; eta beronen erroa gizartearen askotariko egituretan dago”.
“Guztiok hartu behar dugu erasoen gaineko ardura” eta “bereziki gizonek”: “aztertu zuen jarrerak, interpelatu elkar, erasotzailearen laguna bazara, ez izan konplize eta kargu hartu, eta eraso matxisten aurrean, irmo jokatu”.
“Bada dagokizuen ardura hartzeko garaia!” eta autofemismoa berretsi du: “autodefentsa, ez dugulako inork salba gaitzan nahi, eta feminista, ez diegulako soilik jarrera konkretuei frenoa jarri nahi, arazoaren errora jo nahi dugu”.




