“Play-offa jokatzear izan gara eta denboraldia, orokorrean, ona izan da”

0
344

Estatu mailako 3. mailako Mondratek 8 eta 1 irabaziz bukatu du denboraldia. Gainera, Brian eta Igorren agurrean biak ala biak omendu ditu, eta gogoan izan du lesio larria izandako Asier del Campo. Arkaitz Ribera entrenatzailearekin izan gara.

Talde zuri-moreak atzo jokatu zuen 2022/2023 denboraldiko azken partidua, Musakolan, Barakaldoko Jarrillerosi 8 eta 1 nagusituz.

“Teorian partiduan, sailkapenari dagokionez behintzat, – baieztatu du Arkaitz Ribera entrenatzaileak – ez genuen ezer jokoan baina sentimendu ugari izan dira, izan ere”:

“Esaterako taldeko bi jokalarik agur esan dute, Brianek eta Igorrek”. Horregatik, klub zuri-moreak omenaldi xumea eta sentitua egin zien atzo Igor Murgoitio eta Brian Fernandesi.

Gainera aurreko astean lesio larria izan zuen Asier del Campo ere gogoan izan zuten. “Partidua eurentzat omenaldi bat izatea nahi izan dugu, eta halaxe egin dugu”.

“Gainera, publikoak ere gozatzea gura izan dugu partidu polit bat eskainiz, eta hala izan da, ezin hobeto”, baloratu du entrenatzailea, 8 eta 1 irabazi ostean. Denboraldia, orokorrean, positiboki baloratu du:

“Gure helburua play off-etara sailkatzea zen, eta ia-ia lortu dugu. Partidu baten bueltan, duela 4 jardunaldi, Labastida arerio zuzenaren aurka, hango partidan sailkatzeko aukerak galdu genituen baina orokorrean denboraldi ona egin dugu” aintzat hartuz estatu mailako 3. mailako taldea dela Mondrate.

Denboraldia bukatuta, “orain atseden hartuko dugu, eta datorren asteburuan taldekideok Iruñean bazkaria ospatuko dugu. Ondoren, etorkizunera begira, klubak hainbat erabaki hartu beharko ditu”.

Entrenatzaileak eskerrak eman gura izan dizkio “denboraldian zehar partiduetara etorri den publikoari, hainbat ikus-entzule oso fidelak izan dira”.

Gainera zoriondu du “kadete mailako taldea, lan oso ona egin baitute, Kopa irabazi dute eta senior taldea beti laguntzeko prest izan dira”.

Entrenatzaileak bere pena adierazi du “bigarren taldea bigarren mailara jaitsi delako. Denboraldi hasiera txarra izan zuten, baina ondoren 10-11 partidu irabazi edo berdindu dituzte. Tamalez ez da nahikoa izan, hori izan da penarik handiena. Hala ere, orokorrean, 2022/2023a denboraldi ona izan da”.

Zorionak Mondrate!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen