Pilotaren inguruko aktibitatea berrindartzen dabil berriro, hala, ASPE eta Baikoko pilotariak frontoietara itzuliko dira Astorek beraientzat diseinatutako kamiseta berria jantzita. Arrasateko marka 30 urte baino gehiago daramatza kirol honekin harreman estuan.
Argazkia: Astore.
Astoretik azaldu dute kamiseta tekniko hau %100 birziklatutako Dryshell elastiko ehunez egina dagoela, kontsumo osteko plastikozko botiletatik eratorria.
“Kamiseta bakoitzak 11 plastikozko botila daramatza. Ehun horrek transpiragarritasun aparta eta lehortze azkarra eskaintzen ditu”.
Edu Uribesalgok, Ternua Groupeko berrikuntza-zuzendaria, hauxe esan du: “Poliester birziklatua aukeratu dugu, gure talde-filosofia iraunkorrari jarraituz, pilotari profesionalei ehun-mailan errendimendu tekniko bera eskain diezaiekegulako, baina ingurumen-aztarna txikiagoa sortuz, ehunen fabrikazioan energiaren erabilera %50 murrizten eta CO2 isuriak %50 murrizten lagunduz”.
Gainera, erabilitako ehunek “Oeko-tex Standard 100 eta GRS (global recycled standard) ziurtagiriak betetzen dituzte”.
Era berean, Heiq Pure bakterioen aurkako tratamendua gehitu da, “usain txarrak saihesten dituena. Horri esker, jantzia ez da hain sarri garbitu behar, eta, beraz, mikro plastikoen arazoa minimizatzen da”.
Patroigintzari dagokionez, “ohikoa denez, pilotariek esku pilotan dituzten beharrak kontuan hartuta egiten da kamiseta, eta mugitzeko askatasun osoa eskaintzen du”.
Azkenik, berrikuntza aipagarrienetako bat: “Diseinu mailan, Astorek bi enpresentzako koloreak bateratu ditu, enpresa bakoitzarentzako diseinu ezberdina eginda, baina gorriz eta urdinez aukeratuta, bai Baiko bai ASPE enpresentzat”.
Azken urteetako elastikoekin alderatuta ere “oraingoan elastikoak kolore bikoak dira, eta kontraste zuriak dituzte. Horrek kirol kutsua ematen dio”.
Zaleek kamiseta berria eskuratu ahal dute atzotik Astoreko ohiko saltokietan.
Jakina denez, Astorek kirol-arropa diseinatu eta egiten du “hiri-diseinu batekin, janzteko erraza eta moldakorra”.
1988an Arrasaten sortu zenetik, “30 urte baino gehiago daramatza kalitate handiko kirol-jantziak egiten. Bere jatorria euskal pilotarekin lotuta dago”.
Kirol berezi honetan, “bai jokoan, bai pilotarien jantzietan, perfekzio teknikoak eta osagai estetikoak garrantzi handia dute”.
“Funtzionaltasunaren eta dotoretasunaren fusio horrek eragina izan du Astoreren lan-filosofian; izan ere, etengabe berritu du ehunen diseinua eta kalitatea hobetzeko dituen arropa-lerro guztietan, eta benetakotasunaren, moldakortasunaren eta kirola egitearen aldeko apustua egin du beti, ondo sentitzeko eta bizitza osasuntsua izateko helburuarekin”.