Emakume Master Cup-eko Astoreren plastiko birzikladun kamiseta aurkeztu dute

0
452

Arrasateko markak, kamiseta bakoitza egiteko, plastikozko 11 botila berrerabili ditu. Elastikoak finalean estreinatuko dituzte Aldai-Capellán eta Arrizabalaga-Garminde bikoteek. Aurkezpena gaur izan da.

Argazkia: Ternua Group.

Kamiseten aurkezpena gaur arratsaldean egin da Ternua Group-eren egoitzan, Arrasateko Kataide industrialdean.

Elastiko hauek estreinatuko dituzte Olatz Arrizabalaga-Enara Garminde eta Amaia Aldai-Andrea Capellán bikoteek, hain zuzen, Emakume Master Cup-eko finalean.

Norgehiagoka Irunen jokatuko da martxoaren 27an, hain zuzen, esku pilotako emakumeen erreferentziazko txapelketako finalean.

“Astorek kamiseta teknikoa, erabilgarria, eta, aldi berean, jasangarria diseinatu du”, Ternua Groupek azaldu duenez:

“Dryshell motako eta % 100 birziklatutako ehun elastikoaz egindako jantzi bat da; izan ere, haren jatorria kontsumitutako plastikozko botilak dira. Kamiseta bakoitzak plastikozko 11 botila daramatza, hain zuzen ere”.

Transpiragarritasunari dagokionez, “aparta da, eta azkar lehortzen da. Era berean, bakterioen aurkako Heiq Pure tratamendua gehitu zaio. Hala, kiratsa prebenitzen da, eta, horri esker, ez dago jantzia hain sarri garbitu beharrik”.

Beraz, “mikroplastikoen arazoa ere txikiagotzen du. Patroiaz den bezainbatean, elastikoa garatzean kontuan hartu dira esku-pilotan diharduten pilotaren beharrak, eta, horrenbestez, erabateko askatasuna ematen du mugitzeko”.

Aurkezpenean Iker Amarikak, Emakume Master Cupen zuzendari teknikoak, ondokoa adierazi du:
“Astorek diseinatutako kamisetak janzten jarraitu nahi genuen, pilotariek pozarren erabiltzen baitituzte pilotalekuan lehiatzeko, bai patroiarengatik bai ehunaren kalitateagatik. Dagoeneko 5 urte daramatzagu haien diseinuak janzten”.

Izan ere, “konfiantza daukagu marka honengan, pilotari profesionalentzako jantziak diseinatzeaz duen ezagutza historikoa baitu berme. Gainera, haiek diseinatu zituzten emakumezkoentzako lehen pilotari-galtzak”.

Astoreren aldetik, komunikazio-saileko María Edrosok eta Iñigo Unanue salmenta-koordinatzaileak hartu dute parte. Elastiko berriaren ezaugarriak azpimarratu dituzte:

“Aurreko diseinuaren ildo beretik jo dugu, oro har. Kamiseta honen berritasuna estetikan datza. Aurreko modeloaren forma geometrikoen ordez, marra leunagoak jarri ditugu. Era berean, goiko aldean gehiago nabarmentzen da zuria. Esan dezakegu kamiseta berri honek estetika modernoagoa duela”.

Azpimarratzekoa da Arrasateko ekitaldian EMCko hainbat pilotarik esku hartu dutela. Astorek bere ibilbidea azpimarratu du:

“Sortu zenetik, Astorek lotura izan du pilota-munduarekin, eta Baiko, Aspe eta Frantziako Euskal Pilota Federazioko pilotarientzat ere egiten ditu jantziak. Marka horrek diseinatu zituen, era berean, lehiatzeko lehen pilotari-galtzak, duela 30 urte inguru, eta mugarri bat ezarri zuen 2018an, emakumeentzako patroiarekin egindako lehen pilotari-galtzak diseinatuz”.

30 urte daramtzakirol-jantzien marka egokia izaten “kiroltasunez bizitzen dakiten eta marka handien aurrean alternatiba jator eta berezia nahi duten, bere buruekin ongi sentitzen diren, beren egoera fisiko eta mentala hobetzeko kirola egiten duten eta kontzientziarekin kontsumitzen duten pertsonentzat”.

Horientzat egiten ditu jantziak Astorek, “zintzotasunez eta erantzukizunez, eta jasangarritasun-parametroekin. Kirolean aritzeko diseinu ergonomiko eta erosoak, bereziki indoor jardueretarako; fitness eta wellness, esaterako”.

Era berean, “euskal pilotari profesionalak janzten ditu frontoietan zein frontoietatik kanpo, eta hori da kirol-arropako marka tekniko gisa duen ‘know how’aren bermea”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen