Planaren aurkezpenak herritarrek eta Gobernuak “elkar entzuteko espazioak” izan dira

0
618

Alkateak azaldu duenez “lehen aldia” izan da “Udalak gardentasun ariketa hau egiten” duela. Udal-gobernuak parte hartu duten herritarrei eskerrak eman dizkie.

Auzoetako argazkiak eta beheko testua: Udala.

Balorazio positiboa egin du Arrasateko Udalak ‘2023-2027 Gobernu Plana’ aurkezteko egindako saioetaz. “Lehen aldia zen Arrasateko Udalak gardentasun ariketa hau egiten zuena, eta esan genezake oso aberatsa izan dela” Maider Morras Azpiazu alkatearen esanetan.

Hilaren 19an egin zuen Udal Gobernuak aurkezpen nagusia Kulturateko klaustroetan eragile eta herritarren aurrean, eta, ondoren, auzoz auzo aurkezteari ekin zion. “Legegintzaldiak irauten duen 4 urteetan zer egingo den ezagutzera eman eta herritar zein eragileen kezka eta iritziak entzutea izan da gure helburua. Esan genezake herritar zein eragileek begi onez hartu dutela ariketa hau”.

Elkar entzute ariketa

Auzoz auzo ireki diren espazioak elkar entzuteko aukera baliatu dutela nabarmendu dute udal-ordezkariek, eta oso eskertuta agertu dira herritarrek izan duten jarrera eta harreragatik. “Gobernu Plana azaltzeaz gain, auzoetako kezka eta beharrez hitz egin dugu, eta oso ariketa positiboa izan da. Auzoetan auzoko gaiez hitz egiteko espazioak beharrezkoak direla ohartu gara, eta, aurrera begira, elkar entzuteko espazio hauei jarraipena ematea da asmoa” azaldu du alkateak.

Txostena eskuragarri webgunean

‘2023-2027 Gobernu Plana’ dokumentua deskargatu daiteke dagoeneko arrasate.eus atarian. Bertan aurki daitezke agintaldian egin asmo diren proiektuak, hauen memoria eta gauzatze plangintzarako kronograma bat. Nolanahi ere, dokumentua, “dokumentu bizia” izatea nahi du gobernuak, eragile zein herritarrekin elkarlanean gauzatuko dena.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen