Pino Radiata eta gero, zer, Eukaliptoa [Piter Encinasen testua]

1
987

PINO RADIATA ETA GERO, ZER, EUKALIPTOA?

Pino Radiataren egurra ez denez hain errentagarria eta, gainera, Lecaonosticta Acicola onddoak kaltea sortzen duenez, zuraren sektoreak eta baso jabeek eukaliptoaren aldeko apustua egin dute. Oso nabarmena da haien helburua errentagarritasuna dela, zuhaitz horiek lurrari, faunari, uraren zikloari eragiten dieten kaltea kontuan hartu gabe. Xedea dirua da, besterik ez.

HAZI Fundazioak 2019ko bere txostenean esaten digu pino radiataren azalera 2.233 ha. gutxitu dela, nahiz eta Euskadin 115.349 ha. betetzen dituen, espazio gehien hartzen duen espeziea izanik. Ostera, eukaliptoak lehen baino 894 ha. gehiago betetzen ditu, hauetatik 786 ha. Bizkaian. Beste konifero batek Pseudotsuga Menziesii edo Douglas izei izenekoak 200 ha. handitu du bere azalera.

Ekologista mugimenduan kide batzuek zera diote: monolaborantzaren aurka gaudenok, basoen gaur egungo gestio ereduaren aurka gaudenok, gestio horren arduraren inguruan beste ikuspegi bat dugunok edota azkar hazten diren espezie kaltegarriak landatzearen aurka gaudenok,  herritarren arteko liskarrak saihestu behar ditugu. Horrekin ados nago. Halere, horrek ez digu aukerarik kendu behar iritzia emateko. Eta batzuei ez bazaie gustatzen esaten duguna, nire ustez errua ez da iritzia ematen duenarena, agian haserrea beste alde batean egon daiteke, horrexegatik esaten dut:

Landa eremuan lan egiteak edo naturarekin harremanetan egoteak ez du ziurtatzen ekologistak izatea edo naturaren aldeko ikuspuntuak edukitzea. Are gehiago esango nuke, jarrera horiek edukitzeak ez du esan gura Ama-lurra defendatzen/maitatzen dutenik.

Uste dut eukaliptoak landatu baino lehenago “arduradunek” Galizian gertatzen dena aztertu beharko luketela, baita gaur egun Portugalen egiten ez dutena ere. Orain arte egin dutena aldatu nahi dute, desmasia batzuk gertatu eta gero. Eta ez da bakarrik 2017 urtean izandako baso-suteagatik, 500.000 ha. baino gehiago erre baitziren. Bestalde, adituek esaten dute lurra indarge dagoela, akuifero batzuk desagertu edo lehortuta, eukaliptoren monolaborantzaren ondorioz.

Basoetan zer landatu erabakitzea ez litzateke egon beharko zuraren sektoreen esku, ezta  baso jabeen esku ere. Uste dut Udalek, Foru Aldundiek, baita Eusko Jaurlaritzak ere parte hartu beharko luketela. Onartzen dut lurrak jabe bat eduki behar duela, baina Ama-lurra denona da, ez dauka jaberik.

“Banda marroiak” erakusten digu edozein monolaborantza ez dela ona, gaixotasunak sor ditzakeelako. Gaixotasun hori XVIII. menderako ezaguna zen. Kaliforniaren alde handi bat suntsitu zuen eta adituek esaten zuten monolaborantzak asko lagundu zuela gaixotasun hori zabaltzen.

Hori esan eta gero, kritika zorrotz bat egin nahi dut: nola da posible ustezko adituek gaixotasun horren aurka borrokatzeko fumigazioa aukeratzea? Bururatzen zaidan lehenengo gauza da haien dimisioa eskatzea, erabaki hori onartezina delako.

Holako erabakiak ikusi eta gero iruditzen zait ez gaudela ezer ikasten. Adibide larri bat aipa dezaket, AEBn gertatu zena DDT intsektizidarekin. Edo orain dela hamarkada batzuk prozesionariaren aurka borrokatzeko Dimilinarekin egin zutena. Begi bistakoa da DDTa eta dimilina ez direla substantzia berdinak, baina nola aireratzen zituzten bai, modu guztiz indiskriminatuan. Ondorioz, txori batzuk desagertzeko zorian egon ziren, dimilinak arrautzen kaltzioa kaltetzen zuenez, arrautzak ez zirelako behar beste gogortu eta apurtzen. Bestalde, ugaztun txikiak hil egin ziren eta berdin intsektu polinizatzaileak. Oso nabarmena da era horretara tratatuz pozoia erortzen den lekuan dena kutsatzen duela, flora, fauna, ura, etab. Esaera batek dio: gizakiok gara bi aldiz leku berean behaztopa egiten duen animalia bakarra, baina txarrena da ez dugula ezer ikasten.

Nire ustez, gai honetan batik bat hiru ikuspuntu desberdinak daude:

1/ Pinu Radiata, eukalipto edo azkar hazten diren espezieak landatzearen alde daudenek errentagarritasunari lehentasuna ematen diote, naturari sortzen dioten kaltea kontuan hartu gabe.

2/ Beste pertsona batzuek pentsatzen dute holako espezieak landatzeak karga ekonomiko  bat eduki beharko lukeela. Adibidez, hori gertatzen da tabakoarekin, denok dakigu tabakoa oso kaltegarri dela, eta inor ez du harritzen tabakoak karga bat edukitzeak. Talde honetan daudenek haien argudioak defendatzeko esaten dute; naturari kaltea sortzen diotenek karga bat edukitzea justifikatuta dago.

3/ Beste talde batean, non nire burua sartzen dudan, uste dugu azkar hazten diren espezieak, naturari egiten dioten kaltea kontuan hartuta, debekatuak egon beharko liratekeela.

Lehenago esan dudan bezala, nire ustez basoetan egiten dena ez litzateke izan behar jabeen ardura, ez dit  ezertarako balio jabeei entzutea espezie horiek landatzeagatik kaltea sortzen dutela, ez dit ezertarako balio onartzen badute basoak enpresatzat hartzen dutela, ez dit ezertarako balio esaten badute haien lehentasun bakarra errentagarritasuna dela.

BASOEN INDUSTRIALIZAZIO  INDISKRIMINATUAREN ALTERNATIBA

Lau lerro azaltzeko azkar hazten diren espezieek alternatiba dutela:

Espezie autoktonoekin basoak landatzea, baina helburu batekin; kalitatezko egurra lortzeko, onddoak, floraren, faunaren biodibertsitatea zaintzeko, gune handiak eta aldi berean ez dira sekula moztuko. Bestalde, onartu beharko genuke Nafarroan daukaten kudeaketak erakusten diguna posible dela, eta ekonomikoki errentagarria izan daitekeela ere bai.

P.D. Hau guztia gertatzen den bitartean Foru Aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak ez dute ezer esaten. Zuraren sektorea eta baso jabeak ez daitezen haserretu?

Iruzkin 1

  1. Niri gustatzen zaizkidan eukalipto bakarrak koalak dauzkatenak dira, hau da, australiakoak. EH-an eukaliptorik ez!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen