“Arrasateko Santamasetako partidua jokatu nahi izaten dugu pilotariok”

0
663

Material aukeraketa egin da gaur eguerdian Uarkapen bertan, eta bi bikoak materialarekin ados azaldu dira. Joseba Ezkurdiak baloratu du “frontoi ona dela” eta Iñaki Artolak “harmailetan giro ederra” izaten dela.

Aspe eta Baiko enpresetako pilotariek gaur eguerdian materialaren aukeraketa egin dute udal-frontoian, ostiralera begira.

Joseba Ezkurdiak materialari oniritzia eman dio, “ondo ikusi dut, gustura nago, material oso ona iruditu zait, gogorra eta exijentea”.

Frontoiarekin ere “pozik” azaldu da: “Frontoi ona da eta ea ostiralean partidu ona egiten dugun”. Arbizuarrak norgehiagoka zaila aurreikusten du:

“Irabaztea beti zaila da, eta bikote sendo bat izango dugu aurrean, exijentea. Opari gutxi egiten ditu, eta horrelako partiduak detaileek erabakiko dute”.

Gakoetako bat izango da “hasieratik ondo hastea, gauzak ondo egitea eta ikusteko dago ea zeinek jarriko duen erritmoa. Hori lortzen duen bikoteak irabazteko aukerak izango ditu”.

“Partidu guztiak ezberdinak eta gogorrak dira, gainera Iñaki momentu oso onean dago, baita Imaz ere”.

Bi bikoteentzat “partidu oso-oso garrantzitsua da, puntu garrantzitsua jokoan baitago. Ea zeinek lortzen duen”.

Iñaki Artolak ere materialari oniritzia eman dio: “ondo ikusi dut, pilotak gustatu zaizkit, exijenteak dira, txapelketan hala behar baitute”.

Beste material aukeraketa gutxienez batean “kexak izan dira, pilota motelegiak zirelako, baina gaur harritu gaitu pilota bizienak aukeratu gabe geratu dira, zeztoan bueltan bidali ditugu”.

“Hala ere, pilota ia denak oso antzekoak dira, eta gureen artean ez dago alde nabarmenik pilota batzuen eta besteen artean”.

Norgehiagoka zaila izango da “ez dago partida errezik, beraiek denetik egin dute, guk bezala: egun ikaragarri onak izan dituzte, eta tartean egun txarren bat ere”.

Alegiarrak bikote aurkaria baloratu du: “Kriston bikotea da, Joseba aurreko koadroetan onenetarikoa, eta kasu honetan atzeko koadroetan ondo lagunduta dago”.

2019an Uarkapen bikote hau, Artola-Imaz, Ezkurdia-Martijaren aurka 18-10 galtzen ari zen, baina partidua irauli zuen, eta 20-22 nagusitu zen.

“Partida ederra izan zen, eta nire profesional urteetako oroitzapen ederrenetako bat dut. Gainera harmailetan giro aparta izan zen”.

“Pilotariok Arrasateko Santamasetako partidua jokatu nahi izaten dugu, giro ikaragarria sortzen baita”.

“Gogoan dut ere, txapelketatik kanpo, Oinatzen agurrean Uarkapeko giroa ederra izan zela. Ea oraingoan ere hori errepikatzea lortzen dugun”. “Ea oraingoan garaipena lortzen dugun, markagailu zail bati buelta eman beharrik gabe”.

Gogoratzekoa da partidu nagusi honetaz gain, abenduaren 22ko Uarkapeko jaialdian ere, beste partida bat gozagai izango dela: Urrutikoetxea-Elizegi Bakaiko-Eskirozen aurka.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen