“Arazoak pilatzen ari direlako” aldaketa planteatu du EH Bilduk

0
1440

Nerea Kortajarena hautagaiak adierazi du “errotonda batean bueltaka gaituztela, eta badela garaia bertatik irten eta aurrera egiteko”. Arkaitz Rodriguez hautagaiak beharrezko ikusten du zerbitzu publikoak “jendearen eskutik eta jendearentzat” izatea. Era berean, Maider Morrasek Udal-Hauteskundeetan bezala “ilusioa, proiektua eta jende konprometitua” ikusten ditu.

Domeka honetan EAEko Hauteskundeak izango dira, eta koalizioak ekitaldia egin du Kulturateko ‘kalistroetan’, giro baikorrarekin.

Maider Morras Azpiazuk azaldu duenez, 2023ko Udal-Hauteskundeetan bezala, “orain ere ikusten ditut ilusioa, proiektua eta horien atzean jende konprometitua”.

Gipuzkoako hautagai nagusiak, Nerea Kortajarena Ibañezek, ereduen inguruan mintzatu da, adieraziz “Osakidetza ez dela kasu isolatu bat”, “zerbitzu publikoak ulertzeko modu baten isla” baizik.

EH Bilduko hautagaiak gaitzetsi duenez “azken egunetan beldurraren eta desesperantzaren mezuak hauspotzen dabiltza”, nahiz eta “horretarako momentua ez den aro aldaketa garai honetan”.

Halaber, arazo “berriek soluzio berriak behar dituzte, baita aliantza berriak ere. Errotonda batean sartuta eta bueltaka eduki gaituzte azken urteetan. Bada garaia irteteko, aurrera egiteko eta urrunera iristeko”.

Arkaitz Rodriguez Torresek, Goi Eskola Politeknikoan ikasi zuena, azpimarratu du “Ezkerreko independentismoa Euskal Herri osoan une honetan lehen indar politikoa da”, eta 120 udal ingurutan gobernatzen duela.

EAJ-PNVren inguruan adierazi du “zarata egiten duela, ez duelako nahi jendeak Osakidetzaz, etxebizitzaren arazoaz, bizitzaren garestitzeaz,… hitz egitea”.

Hauteskunde-egunari begira “aukeratu beharko da: pribatizatzen, prekarizatzen eta zerbitzu publikoak ahultzen jarraitu, edo pertsona guztientzat lan eta bizi-baldintza duinak bermatu”.

Ildo honetan, “burujabetzaren bidean urrats sendoz aurrera egitea” planteatu du, “parez pare ditugun erronka kolosalei aurre egin ahal izateko tresna berrien sinonimo delako”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen