‘PETARE: Miren Egigurenen puskak’ liburua aurkeztu dute Emakume Txokoaren eskutik

0
172

Emakume Txokoak antolatuta, Leire Ibarguren Agirre azpeitiarrak ‘PETARE: Miren Egigurenen puskak’ liburua aurkeztu du Kulturateko Jokin Zaitegi gelan. Liburua 2022ko irailean argitaratu zen, eta Miren Egigurenek Caracaseko Petare auzoan bizi izan zituen 46 urteetako bizipenak eta bertako bizilagunekin egindako lan komunitarioa biltzen ditu. Liburuaren egileak berak aurkezpenean azaldu duen bezala, “liburu hau nire aurreko ‘Laura esaten zioten’ liburuaren jarraipena da nolabait.”

Leire Ibarguren Agirre (Azpeitia 1979) Gizarte eta Kultura Antropologian lizentziatua eta, gaur egun, Fisika eta Kimikako irakaslea da Zarauzko Institutuan. Aurkezpen-solasaldian Edurne Epelde Pagola izan du lagun. Epelde kazetaria, ikertzailea eta Emagin elkarteko hezitzailea da, eta ‘Gure genealogia feministak’ liburuaren egilekidea. Euskal Herriko Mugimendu Feministako kronika bat.

‘PETARE: Miren Egigurenen puskak’

46 urtez Egiguren Caracaseko Petare auzoan bizi izan zen, eta duela bost urte itzuli zen handik. Ibargurenek urte horietan auzokideekin egindako lan komunitarioa eta bertako bizitza jaso ditu liburuan. Venezuelako eta Caracaseko protagonistaren ibilbidea dela eta, idazleak feminismoaz, zaintzaz eta egoera politikoaz hitz egiteko aukera izan du, besteak beste.

Liburu honek emakume kementsu eta umoretsu baten ahotsa dakar, Caracaseko muinoetan pilatzen diren auzoetako bizitzaren doinuekin batera. Mirentxuren bizitza pusketan zehar, puntada xehez emandako komunitate oso baten oihala, epika berriak janzteko aproposa. Liburuak, Eguigurenen bizitzara hurbiltzeaz gain, Caracaseko Petare auzoko bizitza ezagutzeko aukera ematen du.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen