Pertsona nagusien “kezkak, proposamenak eta gogoetak” adierazi dituzte beren egunean

0
243

Arrasateko Nagusien Kontseiluak Pertsona Nagusien Nazioarteko Egunaren inguruan antolatutako ekintzekin amaitzeko, eta urriaren 1a ospatzeko, ekitaldi bat egin du Kulturate areto nagusian. Ekitaldi horretan, adierazpen  bat irakurri  dute, eta bertan, azken urteko kezkak, proposamenak eta gogoetak islatu nahi izan dituzte. “Zuekin partekatu nahi ditugu, Arrasateko herriarekin, eta ziur gaude gurekin bat egingo duzuela. Kezka horiek ere zuen buruan, bihotzetan badaudela.”

Ekitaldian irakurritako testua:

“Urte bat pasa da dagoeneko, hemen, Kulturaten, Javier Yanguasen hitzaldi batekin azkenekoz Pertsona Nagusien Nazioarteko Eguna ospatu genuenetik. Orduan argi gelditu zitzaigun zer zen egin behar genuena. Horregatik, ordutik, Arrasateko Nagusien Kontseiluak gureak diren eskubideak indartu eta gogorarazteko ikastaroak, hitzaldiak eta ekintza ezberdinak antolatu ditugu. Bakoitzaren bizitzari buruzko erabakiak hartzeko autonomia eta askatasuna, norberaren sexualitatearen, irudiaren, ohorearen edo intimitatearen zaintza, ondasunen zainketa, edo osasun zerbitzuetara irismena nola egin landu dugu besteak beste. Eta orain, mimoz eta lan asko eginez, aste hau antolatu nahi izan dugu, gaur ospatzen dugunari, Pertsona Nagusien Nazioarteko Egunari, behar duen balioa jartzeko.

Beti, baina batez ere azken urte eta erdian, nolabaiteko dependentzia duten pertsonek euren eskubideetan bortxaketak eta murrizketa oso larriak jasan izan dituzte, eta garbi gelditu dira gaur eguneko asistentzia-ereduaren ahultasunak, beste pertsona batzuek batengan hartzen dituztelako erabakiak, kontutan hartu gabe honek, askotan,norberaren duintasunari zor diezazkiokeen afruntu edo duintasun urraketak. 

Modu horretara azaleratu dira., modurik krudelenean, edadismoa edo edade diskriminazioa, eta zahartzaroa eta desgaitasuna ezereztasunarekin eta pertsonen bizitzaren baliogabetzearekin lotzen dituen estigma soziala. Errealitatetik oso urrun dagoen pertsona nagusiekiko ikuspegi negatibo, homogeneizatu eta uniformea inposatu da, guztiz ahaztuz gizarte ongizateari egiten dizkiogun ekarpen nabarmenak, solidaritate lezioak edota, askotan Pertsona Nagusien Kontseilu honetatik agerian uzten saiatu garen moduan, erakutsi izan dugun erresilientzia. Nahiz eta osasun eta gizarte krisi honetan kaltetu nagusiak izan, pertsona nagusiek erresilientzia, zuhurtzia eta diziplina ikasgai bat eman diogu gizarte osoari.

Astean zehar, eta gaur ere berdin, eskatu dizuegu Covid-19aren krisian bizi ahal izan ditugun moduko diskriminazio eta giza eskubideen urraketarik berriz gertatu ez daitezela. Horretarako zaintza modeloa aldatzeko eta eraldatzeko neurri sendoak hartu behar dira, gizarte bateratuago, solidarioago eta askotariko bat bilatuko duena, gizarte bizitzaren korrontean egon ezin duena babestuko duena, ekonomikoki pobreak direlako, zaurgarriak, baztertuak edo ez dutelako sozializatzeko eta elkarbizitza afektibo bat izateko nahikoa sare handirik.

Zahartzaro aktiboa bultzatu eta desio ez den bakartasunari aurre egiteko mekanismoak plazaratzen ditugun eragileok manifestu hau sinatzen dugu, arduraz bizi dugulako gure gizartea bizitzen ari den aldaketa. Horregatik eskatu nahi dugu pertsona nagusien zaintza osoa eta orokorra lehentasun politikoa bihurtzea.

Honegatik guztiagatik, eskatzen dugu gure gizarte-segurantza sistema segurtasun juridikoz hornitzea, euren familiak babestu eta herri hau soiltasunetik eraiki duten gizon eta emakumeentzako pentsio publikoak hobetu daitezen.

Hala ere, gaur ez dugu solik eskatzen, izan ere uste dugu momentu ezin hobea dela pertsona nagusiek gizarteari egiten dizkiogun ekarpenak balorean jartzeko, eta horregatik azpimarratu nahi ditugu, batez ere, herri eta komunitateetatik sortutako ekintzek, beste faktore batzuen artean baita zahartzaroagatik ere, geroz eta pertsona gehiago sufritzen ari diren bakardadeari aurre egiteko ematen dieten laguntza. Eta komunikabideei eskatzen diegu sentzazionalismotik aldendu eta desio ez den bakartasuna objetibotasunez, irudi erreal, plural batekin landu dezatela, ematen diren situazioak bere testuinguruan jarriz eta egoera sufritzen dutenak errespetuz tratatuz.

Irmoki pentsatzen dugu gure herriko pertsona nagusiak ondratzeko momentua iritsi dela, batez ere Covid-19arekin sufritu dutenak eta pandemiarengatik bizitza galdu dutenak. Gizarte moduan barkamena eskatu behar diegu biktimei sortu diegun sufrimendu guztiagatik, eta instituzioei eskatu behar zaie ikertzen jarrai dezatela eragindako mina konpontzeko, eta balorean jarri eta eskertu dezatela pertsona nagusiek erakutsi diguten elkartasuna eta erresilientzia.

Eta guzti hori gizarte eta osasun langileak ahaztu gabe, pandemian zehar sekulako lana egin baitute, askotan indar faltari modu heroikoan ere aurre eginez. Iritsi da garaia zerbitzu hauetako taldeak handitu eta euren lan egoera ezegonkorra hobetzeko.

Momentu zail eta bakarra bizitzen ari gara eta sekula pentsatuko ez genukeen gauza egiten ari gara… Ikusi dugu gure errutinei, bizitza estiloari, erlazioei… buelta emateko kapaz bagarela; eta zergatik ez, herri moduan Nagusien Zinegotzigo bat edukitzea planteatu beharko genuke, izan ere arrasatearren %25a, 65 urtez gorakoa da egun, eta horrek, uste dugu, behar duela izan bere ordezkaritza.

Gure esku dago guztiok nahi dugun belaunaldiarteko gizarte solidario hori eraikitzea, bizitzan zehar eskubide eta duintasunean berdin moduan har gaitzaten. Gaur egun berezia da motibo askorengatik. Horregatik, Arrasateko Nagusien Kontseilutik Maritxu Kajoi egun eder bat pasa dezazuela espero dugu, gaurkoa gure eguna ere badela ahaztu gabe.”

Ekitaldiari amaiera emateko, Arrasate Musikaleko biolin eta piano bikote batek hiru abesti interpretatu dituzte:  John Lennonen ‘Yesterday’, Julio Sagrerasen ‘Andante tranquilo’ eta Benito Lertxundiren ‘Udazkenaren koloreak’.

Ekitaldia osoa

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen