“Pertsona anonimo ugari elkarbizitzan eredu dira pandemian”

0
1609

Sara Ines Vitoria Zabaleta terapeuta arrasatearrak baieztatu digu “jendea oso haserre dagoela pandemiarekin denbora luzea baitaramagu bertan”. “Gazteak eta haurrak min handia pairatzen dabiltza”, eta gainera “suizidioak asko ugaritu dira”.

Argazkia: SIVZ.

Sara Inesek terapia indibiduala, bikote terapia, familia terapia eta tailerrak eskaintzen ditu Arrasaten, online nahiz presentzialak.

Terapeuta honek baieztatu digu pandemiak elkarbizitza arazoak “areagotu egin dituela”. Bikotean adibidez “normalean, elkarbizitza arazoak komunikazio arazoak izaten dira. Arazoa ez da izaten norbera arazoa komunikatzeko gai ez izatea”:

“Arazoa izaten da gure barruko zati bat (sendatuta eta aztertuta ez dagoena, arretarik jaso ez duena) nolabait bikotearengan proiektatzen dugula, eta zati horrek askotan komunikatzea zailtzen digu”.

Ondorioz, “beste pertsonarengandik, bikotearengandik gehiago espero dugu, beste pertsonak gure arazoa konpontzea espero dugu, berak gure mina arintzea. Baita beste pertsona aldatzea ere gure izaerara egokitu dadin. Hori gertatzen da bikotea osatzen duten bi pertsonekin”.

Arazoaren jatorriari dagokionez, “lehen aipatu dudan zati hori sortu egiten zaigu gure baitan ez ditugulako ikusi eta landu gure iraganarekin, gure gurasoekin, gure haurtzarotik, gure historia pertsonalean,…” sortutako korapiloak.

Korapilo horrek “bikotearekiko harremana ez ezik, beste pertsonekiko harremana ere oztopa dezake”.

Hortik abiatuta, “familia bikotearen zabalpena baino ez da, eta beraz, bikoteak seme-alabak baditu, eta komunikazio-arazo, binkulo-arazo, akordio-arazo, haserrealdi, iritzi ezberdin,… horiek baditu, seme-alabek horiek guztiak ikus ditzakete, eta eragina zuzena izango dute seme-alabengan”.

Horrelakoetan hainbat “gurasok haserrealdiak izaten dituzte, elkarbizitza osasungarri bat aurrera eramateko ez dira gai, gurasoetako bakoitzak ez du bere ardura bere gain hartzen eta lanak ez dituzte banatzen (hezkuntzako lanak, etxeko-lanak, etxetik kanpoko lanari dagozkionak eta senideek behar duten arretari dagozkion lanak). Hori guztia euren seme-alabek eredu dute”.

Pandemia garaian arazoak izaten dira “guk gure burua, gure psikea mantentzeko gai ez bagara, nolabait hautsita badago, kaltetuta badago eta zauri batzuk baditu”.

Pertsonak ez badu “identitate erregulatu bat, ez baditu bere emozioak erregulatzen, ez badugu autokontrol gaitasunik, gure barrukoak baino kanpokoak eutsiko gaitu (bikoteak, lagunek, laneko edo tabernako gure gizarte-sareak)”.

Baina kanpoko horrek huts egin dezake, eta hori “pandemian gertatu da, eta gainera pandemia luzatzen joan da. Pandemiaren hastapenetan, harreman sozialik ez zegoenean, harreman sozialetan oinarritzen ziren pertsonek, pertsona bere kabuz sostengatzeko gai ez ziren pertsonek, krisia sufritu zuten. Krisi pertsonal hori pertsona askok sufritu dute”.

Pandemia luzatu denez, “horretan denbora luzea daramagunez, familietan hausturak sortu dira, baita lagunen artean ere, eta polarizatu egin dira aldekoak nahiz aurkakoak”.

Txertoa ere eztabaidagai bihurtu da, “txertatu diren pertsonen artean ere eztabaidak piztu dira. Jendartean biolentzia eta agresibitate handia daude. Jendea oso haserre dago pandemiarekin denbora luzea daramagulako”.

“Tentsioa pandemiaren hasieratik ikusi dut baina gero eta antsietate eta depresio gehiago izaten ari da. Batez ere gazteak eta haurrak min handia pairatzen dabiltza. Nahiz eta pandemia ondo eraman, pandemiak eragina edozeinengan dauka”.

Terapeutari galdetu diogu ea pandemiak elkarbizitzarako ondorio onuragarririk izan al duen. Bikote edo familia ondo egituratu batek pandemiari ondo erantzun badio, egia da familia hori indartzen dela. Familia osasuntsuetan senideen arteko harremanak sendotu dira”.

Hartara, “Sarea baliatu dute aitona-amonekin, gurasoekin edota lagunekin hitz egiteko, etxeetan online parrandak egin dira,… Gu adibidez hiru familia online elkartzen ginen bazkaltzeko, musika entzuteko, dantzan egiteko,… norberak bere espazioarekin baina elkargune horrekin”.

Emozioak puri-purian dauden honetan “nik uste edozein unetan kanporatu beharko genituzkeela baina betiere kontrol batekin. Gure baitako zerbait zauritua izaten bada, mingarria eta kaltegarria baldin bada, nik uste edozein unetan adierazi behar dela lagunekin, gurasoekin, bikotearekin,… betiere aurrean dugun pertsona hori entzuteko, laguntza bat emateko,… gai bada”.

Entzuten duen pertsonak “ez dauka zertan erantzun apropos bat eman, askotan nahikoa da entzutearekin eta sostengatzearekin”.

Oro har, “kaleko jendea ez da gai emozio gogorrak edota mingarriak jasateko. Jendea saiatzen da beste pertsona animatzen, arazoari garrantzia kentzen, gauzak ondo aterako direla esaten,… baina hori egitea ez da beti zuzena”.

Horregatik “aproposa da profesional bati laguntza eskatzea, arazo hori kanporatzeko espazio bat izateko, beldur barik. Askotan pertsonak uste du arazoa bere kabuz konponduko duela, edota denborarekin konponduko dela”.

Ordea, “batzuetan ez da halakorik gertatzen eta arazoa enkistatzen da, emozioak edota bizipen gogorrak sakontzen dira, gerora arazoak eraginez”.

Gainera “arazo horrek gorputzean eragin zuzena dauka. Trama, min, dolu, galera, gaizkiulertu,… horietaz hitz egiten ez badugu, arazo fisikoak, psikologikoak, antsietatea, buruko minak,… eragin ditzake. Hortaz, garaiz berba egitea oso komenigarria da, eta hobe hitz egitea ‘eztanda’ egin baino lehen”.

Pandemiak arazo larriak areagotu ditu: “suizidioak asko ugaritu dira, arazo mentalak zaildu dira, buruko gaixoek (lehen ez zuten sostengu handirik baina behintzat arreta presentziala zuten) arreta okerragoa dute,… Urruntze sozialak kolektibo honetan eragin ikaragarria izaten ari da”.

“Arazo mentalak izan dira pandemiak ekarritako arazorik larriena. Horrekin ez dut esan nahi pandemiak kalte fisikoa ekarri ez duenik, eta pertsona ugari bidean galdu dira, baina arazo mentalaren arazoa beldurgarria da”.

Nork zaintzen ditu psikologoak? “Galdera ona, psikologook gure artean zaintzen gara. Hau da, psikologoa psikologoarengana ere joaten da. Elkar laguntzeko sare bat daukagu. Gu ere pertsonak gara, eta beraz laguntza behar badugu terapeutarengana, psikologoarengana, psikiatrarengana, medikuarengana, naturopatarengana, omeopatarengana edota osteopatarengana joaten gara”.

Sara Ines Vitoriak aholkatzen du “nik hala bizi izan dudalako, profesioa aurrera eramateko superbisio bat izatea, superbisore bat izatea, berarekin kasuak ikusi eta landu ahal izateko. Hori oinarrizkoa da, bestela lan oso bakartia da”.

“Baliteke laguntza eskatzen txarrenak psikologook izatea”, baina horri aurre eginez “nik eta nire inguruko profesionalek ikastaroetan, meditazioetan,… ere parte hartzen dugu”.

Galdetu diogu ea zein pertsona edo entitate izan da elkarbizitzan eredu pandemian. “Entitate publikoei dagokienez, uste dut bat ere ez dela nabarmendu horretan. Oro har, ez dute lasaitasuna azaltzen, ezta serenitatea eragiten, laguntzen eta aditzen ere. Nire ustez, neurri batean beldurra eragin dute eta ez dituzte besteen erabakiak errespetatu”.

Ordea, “pertsona anonimo ugari elkarbizitzan eredu izan dira, lagun hurkoa ez epaitzen, lasaitasuna mantentzen, norberaren erabakiekin arduraz jokatzen, norberaren erabakiak besteei ez inposatzen, besteei errua ez botatzen,… Pertsona horiek eredugarri izan dira, norbera eta ondoko pertsona errespetatuz”.

Sara Ines Vitoria terapeutaren webgunea

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen