Emakume Txokoak atzo inauguratu zuen 2022-2023 ikasturtea, bere egoitzan egindako ekitaldi batekin. Ekitaldian Pepa Bojó Ballesterrek eta Beatriz Egizabal Ollokiegik hartu zuten parte.
Pepa Bojó urte askoan formatzaile aritu da Jabetze Eskolan. Psikologoa, sexologoa eta feminista da eta aditua, emakumeen osasunaren eta indarkeria matxistaren gaietan. “Zer eragin du ahalduntzeak emakumeon bizitzetan?” galderatik tiraka, Pepa Bojók berba egin zuen emakumeon ahalduntze pertsonalaren eta kolektiboaren garrantziaz, eta azaldu zituen ere prozesu horien nondik-norakoak eta eraginak.
Solasaldian Beatriz Egizabal Ollokiegi adi-adi izan zen ere, eta bere “Klownklusio” propioak atera eta konpartituko zituen bertaratutakoekin. Hausnarketa eta umorea uztartu ziren ikasturte hasierako ekimen honetan.
