Pentsio duinen aldeko martxa Arrasatera astelehenean helduko da

0
234

1080 euroko gutxieneko pentsioaren alde, bihar (astelehena) ohiko bilkuraz gain, ibilaldia helduko da eguerdiko 15:30 aldera Herriko plazara.

Martxa bat Bergaratik abiatuko da eta bestea Bilbotik, biak ala biak bihar (astelehena).

Bi ibilaldiak Gasteizen elkartuko dira, eta bertan Eusko Legebiltzarraren parean, alderdi politikoei ondoko aldarrikapenak egiteko:

Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako gobernuei pentsioak 1.080 eurora arte osatu ditzatela. Baita espainiar estatuko gobernuari 1.080 euroko gutxieneko pentsioa onar dezan ere.

Testuinguru honetan, Euskal Herriko Pentsionisten Mugimenduak ponentzia bat aurkeztu du Gasteizko Parlamentuan, ziurtatuz gutxieneko pentsio hori “borondate politiko” kontua dela.

Mugimenduak salatu duenez, “egun 167.718 pertsonak Euskal Autonomia Erkidegoan eta 51.306 Nafarroan 1.080 euroz azpiko pentsioak dituzte”.

Horregatik, Arrasateko Pentsionistak plataformak astelehenero legez, bihar ere, bilkura egingo du Herriko plazan 12:00etan.

Bihar ere beste hitzordu bat izango dugu Arrasaten: izan ere, Bergaran abiatuko den ibilaldia Musakolako San Isidrora 14:15 aldera iritsiko da.

San Isidroko Jubilatuen Etxean bazkaldu ostean, ibilaldia berriro martxan jarriko da, eta 15:30 inguruan Herriko plazara iritsiko da.

Gura duten pertsona guztiek martxa honekin bat egin ahal izango dute, eta 15:30ean berriro martxan jarriko da Aretxabaletarantz.

Martxa honen lehen etapa Eskoriatzan amaituko da, eta biharamunean Gasteizerantz jarraituko du.

Arabako hiriburuan martxa honek bat egingo du Bilbotik joango denarekin, eta maiatzaren 25ean (datorren ostegunean) manifestazio bat egingo da, Eusko Legebiltzarrera bertaratuko dena.

Arrasatetik autobusez joan ahalko da, eta izen-ematea zabalik da honezkero. Oraindik plazak daude.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen