Covid-19ren kutsatzea ez zabaltzeko prebentzio-neurri gisa konfinamendu-neurria ezarri zenetik, adinekoak, eta herritarrak oro har, neurri hori arduraz betetzen ari gara, herritar guztien osasuna babesteko.
Testua: Gipuzkoako Jubilatu eta Pentsiodunak.
Deskonfinamenduari dagokionez, jasotzen ditugun albisteek iragartzen dute adinekook besteek baino denbora gehiagoz geratu beharko dugula etxean. Horren aurrean, zenbait gogoratu nahi ditugu:
Adinak ez du argudio arbitrarioa izan behar adinekoak konfinatzen jarraitzeko. Talde batzuen segurtasuna babes-neurrien bidez bermatzeko beharra balioetsiz gero, neurri horiek ez dira pertsonen adinaren arabera ezarri behar, beste irizpide batzuen arabera baizik, hala nola arrisku-gaixotasunen arabera eta, oro har, kutsatzeko benetako arriskua ekar dezaketen osasunarekin lotutako egoeren arabera.
Gure kolektiboa sakrifizio handiak egiten ari da bai etxean, bai egoitzetan eta ospitaleetan, eta kutsadura-iturri garela dioten zenbait diskurtsok etsipena eta beldurra sortzen dute, eta adineko pertsona asko etxean geratzea ari dira ospitaleetan enbarazu ez egiteagatik eta kolapsoa ez eragiteagatik, horrek sortzen duen sufrimenduarekin eta arriskuarekin.
Narriadura fisiko eta emozionala saihesteko eta gure osasuna zaintzeko, funtsezkoa da konfinamenduaren aurreko errutinak berreskuratzea, adibidez, ariketa fisikoa; eta are gehiago kontuan hartuta adinean aurrera egin ahala zailagoa dela galdutako baldintza fisikoak berreskuratzea. Era berean, isolamendua, batez ere bakarrik bizi diren pertsonengan, arazo psikikoak sortzen ari dira (antsietatea, larritasuna, depresio-egoerak, desorientazioa), eta, beraz, beharrezkoa da lehenbailehen ateratzea eta behar duten laguntza jasotze, bai familiarengatik, bai beste pentsonengatik ere.
Adinekoen eskubideak errespetatzea eskatzen dugu, eta horrela tratatzea. Adinekoen elkarteen iritzia kontuan hartzea ere eskatzen dugu: adinaren arabera ez diskriminatzea eskatzen dugu, eta gainerako herritarren kontsiderazio bera izatea. Era berean, beharrezko prebentzio-baliabideak eskatzen ditugu (maskarak, eskularruak, testa), konfinamendutik modu seguruan irtetea bermatzeko eta guztiak doakoak izan daitezen baliabide ekonomiko urriak dituzten pertsonentzat.