Patxi Ruiz eta Batzokiko horma santua [Testua: Julen Mendizabal]

1
2980

Dispertsioa martxan jarri zuten PNV eta PSOE asaldaturik dabiltza. Horren itxura eman nahi dute behintzat. Patxi Ruiz euskal preso politikoa atzerrian, Españako Murtzia II espetxean egotearen erantzule zuzenetako bat den PNVren Batzokiaren horman “Patxi SOS” idaztea, totalitarismotik eta faxismotik gertu ikusten omen duten ekintza da.

Batzokian “Patxi SOS” idaztea horrela ikusten badute, nola definituko dituzte kartzeleroen aldetik Patxi Ruizek jasotako heriotz mehatxuak? Nola definituko dute haiek martxan jarritako dispertsioa? Nola definituko dute bisita bat egiteko ume, gazte, adintsu, lagun eta solidarioek ehundaka kilometro egin behar izatea? Nola definituko dute haien politika kriminalak eragiten dituzten heriotzak? Jakingo al dute sikiera dispertsioak zenbat herritar hil dituen? Badakite urrutiko kartzeletan zenbat euskal preso politiko hil dituzten?

Presoek dispertsaturik eta kartzelan jarraitzen dute, torturatzaileak aldiz kalean, Irailaren 27an gogoratzen ditugun hainbat arrasatearren hiltzaileek kartzelak telesailetatik soilik ezagutzen dituzte, Europan militarki okupatuen dagoen herrialdea gara, aitorturiko giza eskubidea den autodeterminazio eskubidea ukatzen zaigu, kapitalaren interesak herritar guztion osasunaren gainetik jartzen ikusi berri ditugu… Pairatzen ditugun injustizia eta zapalkuntzen zerrenda oso luzea da eta egoera honetan, boterean dagoen alderdiaren egoitzan “Patxi SOS” idaztea totalitarismo eta faxismotik gertu dagoela diote -lotsagorritu gabe gainera -.

Esaten dituzten lerdokeriak bi aldiz pentsatu ditzatela: Totalitarismo eta faxismoan, boterean daudenen egoitzetako hormak inmakulatuak -eta sakratuak!- izaten dira. Totalitarismo eta faxismoan eraso larritzat jotzen dituzte boteredunen egoitzetan ezer idaztea, berehala gaitzetsi beharrekoa zerbait da, herritar guztiok eta aho batez egin beharrekoa gainera. Totalitarismo eta faxismoaren funtsa, eskubide urraketez beteriko “bizikidetza” inposatu nahi izatea da, zapaltzaileak besterik ez du nahi, zapalkuntzari eutsi eta zapaltzailearekin goitik beherako bizikidetza faltsu bat ezartzea. Zapalkuntzaren otsoa, ardiaren bizikidetza larruarekin mozorrotzea.

“Totalitarismoa eta faxismotik gertuago dagoen ekintza”, espetxe politika kriminalarekin eragiten jarraitzen duten samin guztiarekin, aurpegia izan behar da gero “Patxi SOS” idaztegatik horrelako irtenaldia izateko. Aurpegia ala lotsa gutxi, eta zinismo tona bat. Hori bai, PNV eta PSOEk beste behin ere garbi utzi dute eragiten duten saminaren inolako kontzientziarik ez dutela eta haien egoitzetako hormen santutasun bedeinkatua, urrutiko espetxeetan zapaltzen dituzten preso babesgabeen eskubide eta bizitzaren gainetik dagoela.

Lerdokeri gehiago ere esan dituzte: PNVko alfonbra saltzaileek sinestarazi nahi digute gure herrian bizikidetza Batzokiko hormetan jokatzen dela eta Arrasateko klase politikoan gainera erosle batzuk izan dituzte. Baina nola jokatuko da ba bizikidetza Batzokiko hormetan? Talentu handiko nori bururatu zaio hau? Gure herriko bizikidetza, edozein herritakoa bezala, oinarrizko eskubideen aitortzan jokatzen da eta lortzen ez diren bitartean, datozen belaunaldiak zapalkuntza pairatzera eta zapalkuntzatik askatzeko irtenbide bakar gisa, borrokatzera kondenaturik egongo dira. Pazientzia, lasaitasun estrategikoa, sumisioa edota axolagabekeria ez baitira inoiz betirako izaten.

Geroz eta konbentzituago nago; Euskal Herriko arazo politikoak ez badira konpontzen, herri honetako klase politiko dekadentearen erruz da, arazo politikoak konpontzea klase politikoaren ardura baita eta ez dira horretarako gai. Berdin dio ETAk borroka armatua utzi izana, berdin dio armagabetu izana, berdin dio eragindako kaltea onartu izana, berdin dio gatazka armatuan izandako arduraren zatia onartu izana, berdin dio antolakunde gisa desagertu izana, berdin dio ehundaka preso politiko urrutiko kartzeletan jarraitzea, berdin dio hainbat errefuxiatu politiko herrira ezin itzuli egotea, berdin dio autodeterminazio eskubidea ukaturik jarraitzea… Klase politiko dekadente hau ez da mahai baten bueltan esertzeko gai, klase politiko dekadente hau ez da gatazkaren erro politikoei helduko dien akordioetara heltzeko gai, klase politiko dekadente hau ez da oinarrizko eskubide urraketak gelditzeko gai, klase politiko dekadente hau ez da ezta dispertsioarekin ere amaitzeko gai. Kalkulagailu elektoralarekin eskuan eta soldatatzarrekin poltsikoan bizi dira eta klase politiko dekadente honi herritarrok kontuak eskatu ezean, hemen ez dugu herri dezenterik ezagutuko eta bizikidetza zapaltzailearen apeten arabera bizirautea besterik ez da izango.

Aski da. Aski da presoen aldeko manifestu hau edo beste sinatzeaz, aski da plenoan presoen aldeko hau edo beste onartzeaz, aski da Eusko Jaurlaritzaren aldiroko plan magikoetaz. Konponbideak behar ditugu. Hitzetaz -eta lerdokerietaz- nazkaturik gaude, ekintzak behar ditugu. Amaitu dezatela dispertsioarekin berehala. Orain. Azkar. Aski da! Patxi etxera! Iosu eta Unai etxera! Euskal preso politiko guztiak etxera! Eta bide batez, PNV eta PSOE eragiten ari diren samin guztia onartzeko gai izatera heltzen badira askoz hobe.

P.D.: Batzokiko hormek ez dituzte giza eskubiderik, ez dute sufritzen eta noizean behin pintura geruza berri bat ondo etortzen zaie.

Iruzkin 1

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen