Parkour-aren bozketako 275 herritarren %39k boto baliogabea eman du

0
820

Hiru diseinuetatik bozkatuena 3. aukera izan da, botoen %28arekin. Denera 275 arrasatearrek eman dute bozka. Udalak aurreikusten du gune hau “2022aren hasieran eraikitzen hastea”.

Irudia: Udala.

Haurren Kontseiluak 2019an proposatu zuen Parkour Park bat egitea, eta Udalak bere egin zuen egitasmoa.

Udalak proiektua “arrasatearrekin elkarlanean garatu nahi izan du. Hori dela eta, martxoan eta apirilean partaidetza-prozesu bat jarri zuen abian diseinua aukeratzeko”.

Horrela, Udalak 3 diseinu prestatu zituen, eta guztietan bilatu zuen “parkea edonork erabiltzeko modukoa izatea, baita parte-hartzaile guztien mailara eta esperientziara egokitu ahal izatea ere”.

Udalak bozkatzeko epea zabalik izan zuen martxoaren 18tik apirilaren 11ra bitartean, arrasatearrek hobesten zuten diseinua aukera zezaten.

Guztira 251 herritarrek eman dute bozka, eta aipatu behar da boto baliogabeak 98 izan direla. Aukera bozkatuena 3. diseinua izan da, 71 botorekin. Honatx bozketaren emaitzak:

  • Boto baliogabeak: 98 bozka (97 BAZen eta 1 udal-webgunean)
  • 3 diseinua 71 bozka (48 BAZen eta 23 udal-webgunean)
  • 2 diseinua 51 bozka (26 udal-webgunean eta 25 BAZen)
  • 1 diseinua: 31 bozka (15 udal-webgunean eta 16 BAZen)

Gaur egun “proiektua idazten ari dira udal teknikariak”, eta Udalak asmo du lizitazioa “2021eko azken hiruhilekoan egitea, eta parkea eraikitzen 2022ko hasieran hastea”.

Lan hauek “4 hilabete iraungo lukete. Aurreikusitako aurrekontua 200.000 € ingurukoa da. Behin betiko inbertsioa lizitazioaren emaitzaren araberakoa izango da”.

Ezaugarri horiek dituen “lehenengo gunea izango da Arrasaten, norbanakoaren mugimendu-gaitasunean oinarritutako lehen parkea. Eraikuntza berri horren bidez, Obenerreka osorik biziberrituko da, aisialdirako eta kirolerako gune gisa”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen