“Parkinsona, Minbizia, Covidaren,… inguruan ikertzen gabiltza”

0
1828

“Ikerkuntza ezinbestekoa da etorkizuneko erronkei aurre egiteko, ez soilik pandemia egoeratan” azpimarratu du Mondragon Unibertsitateko Teknologia Biomedikoen Masterreko arduradunak, Maitane Barrenetxeak.

Argazkia: Mondragon Unibertsitatea.

Mondragon Unibertsitateko Teknologia Biomedikoen atalak zenbait ikerketa proiektu martxan ditu.

Esate baterako, Parkinsonaren diagnostiko goiztiarra eta eboluzioaren predizkioa egiteko proiektua. “Proiektuak bi alor argitu nahi ditu” Maitane Barrenetxea Masterreko arduradunak azaldu digun bezala:

“Batetik, aztergai den pertsonak Parkinsona duen edo ez, proba gehiago egin beharrik gabe. Bestetik, pertsonak Parkinsona badu, zer-nolako eboluzioa izango duen gaixotasunak”.

Unibertsitatearen beste proiektu batek birikietako minbizia du aztergai: “Minbizi honen eboluzioa eta tratamenduaren eraginkortasuna neurtzea ditu helburu, irudi biomedikoen erabiliz. Adibidez TAC teknologiarekin (Ordenagailu bidezko Tomografia Axiala, TAO) edo PET teknologiarekin (Positroi-igorpenaren bidezko Tomografia, PT) sortutako irudiak”.

Teknologia Biomedikoaren beste egitasmo batek bihotz-gutxiegitasuna ikertzen dihardu. “Pertsonaren lehen ospitalizaziotik hasita aztertzen da pertsonak zenbateko probabilitateak dituen etorkizunean beste ospitalizazio bat izateko edo heriotza gertatzeko”.

Beraz, “pazientearen eboluzioa aurreikusteko medikuentzat laguntza handia da”. Oro har, aipatutako egitasmo hauek “erronka handiak dira, eta proiektu politak aldi berean”.

Instituzio publikoek ikerkuntzan gehiago “inbertitzeko beharraz gain, alor pribatutik ere gehiago sustatzea behar da neurri batean”.

Izan ere, koronabirusaren ondoriozko egoerak “argi eta garbi erakutsi digu ikerkuntza ezinbestekoa dela. Ez soilik pandemia egoeran, ezinbestekoa da etorkizuneko erronkei aurre egiteko, adibidez gizartearen zahartze progresiboari aurre egiteko”:

“30 urte barru gizarte oso zaharkitua izango dugu, baliabide asko beharko dituzten adineko pertsona ugarirekin, eta horren aurrean, zer egin gaur egun?”.

Ba adibidez “telemedizina garatu, zahartzaro osasuntsu bat izateko faktoreak aplikatu,… Alor horietan sektore biomedikoak lan egiten du. Sektore oso estrategikoa da Euskal Herri mailan, baita Espainia mailan ere”.

Bide honetan, Mondragon Unibertsitateko Teknologia Biomedikoko ikasleak aurten sortzen ari dira, bularraldeko X izpien bitartez, COVIDa automatikoki diagnostikatzeko aplikazio bat.

“Gure helburua da medikuen lan-karga arintzea, eta gainera arnasgailu bat eraikitzeko jakintza osoa eskuratzen dute, esaterako arnasgailuko aire-fluxuak nola kalkulatu, dispostiboa nola automatizatu, pazientearen segurtasuna nola bermatu, 3Dko piezak nola egin,…”

Laburbilduz, “ikasleek arnasgailu baten atal guztiak eraikitzeari buruzko formazioa jasotzen dute”.

Era berean, datuen analisiaren inguruko formakuntzarekin “ahalmena daukate COVIDaren inguruko predikzioak egiteko, adibidez kutsaduren ‘pikoaren’ inguruan predikzio ereduak sortzeko gai dira, baita kontaktuen arakatzea egiteko ere”.

Batik bat “ikasleek ahalmena dute COVIDaren tesk mikrofluidikoen funtzionamendua ulertu eta hobetzeko. Horien guztien inguruko jakintzak jasotzen dituzte Master honetan”.

Baita 3Dko piezak egiteko ere. “Eskolan batez ere irakaslez osaturiko talde bat sortu da, larrialdi egoeran ikasleak mobilizatzeko nahiko arriskutsua izan delako, eta 3D piezak inprimatzen jardun du, ospitaleei eta bestelakoei lagunduz. Gure ikasleek honetan ere lagun lezakete”.

Oro har, “gure ikasleen perfila oso ondo egokitzen da industria biomedikoan. Industria hau orain arte ez da oso ezaguna izan, baina COVID-19arekin ikusi dugu zertan datzan eta zertan lagun gaitzakeen”.

Mondragon Unibertsitateko lehen promozioko ikasleen “%100 lanean dabil sektore honetan bertan. Sektore honek gizartearen egungo eta etorkizuneko erronkei erantzunak ematen dizkio”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen