Debagoieneko herritarrak kaleetara ateratzeko deia luzatu du Debagoieneko Palestinaren Aldeko Sareak, Palestinan azken hilabeteetan areagotu den sarraskia salatzeko eta elkartasuna adierazteko. Manifestazioa larunbatean, urriaren 25ean, arratsaldeko 19:00etan izango da, Lidl hipermerkatutik abiatuta, eta herriko plazan amaituko da ekitaldi nagusi batekin.
Sareko ordezkariek adierazi dutenez, “Palestinan aspaldi hasitako sarraskia gero eta luzeagoa eta bortitzagoa dela ikusita, eta instituzioen pasibotasuna eta konplizitatearen aurrean, ezinbestekoa ikusten dugula gizarte zibilaren erantzuna”. Hori dela eta, Debagoieneko herri guztietako Palestinaren aldeko taldeek indarrak batu eta erantzun bateratu bat ematea erabaki dute.
Debagoieneko Palestinaren Aldeko Sareak honela definitzen dute euren burua:
- Mugimendu zabala, irekia eta parte-hartzailea
- Palestinarren aurkako genozidioa salatzeko eta bistaratzeko egina
- Sarraskia geldiarazteko eskura dituen tresna guztiak erabiliko dituena
- Israeldar jatorriko produktuei boikota egitea bultzatuko duena, eta enpresei zein erakundeei Israelekin harremanak eteteko exijituko diena
- Gizartea plazara ateratzeko eta Palestinaren aldeko oihu kolektiboa egiteko balioko duena
“Garrantzitsua ikusten dugu, bailara honek Palestinako herriarekiko duen elkartasuna eta maitasuna kanpora begira erakustea”, azpimarratu dute Sareko kideek.
Manifestazioaren xehetasunak:
- Eguna: Urriak 25, larunbata
- Ordua: 19:00
- Hasiera lekua: Lidl hipermerkatuaren ingurua, Arrasaten
- Amaiera: Herriko plaza, ekitaldi nagusiarekin




