Internazionalista Egunak, Pakito Arriaran arrasatearra eta beste zenbait internazionalista omendu ditu Monterronen. Askapenak antolatuta, egitarauak arratsalde eta gauean jarraituko du.
Beheko testua: Arrasateko Askapena.
Pasa berri den irailaren 30ean, 38 urte bete dira Pakito Arriaran gudari internazionalistak azken hatsa eman zuela El Salvadorko gerran, borrokan. Bere izena ezaguna da dagoeneko bai Euskal Herrian, bai Euskal Herritik kanpoko gune iraultzaileetan. Bere bizitza eta borrokaren inguruko hamaika liburu, artikulu eta olerki argitaratu dira han eta hemen. Hamaika hitz esan dira hari buruz. Gutxi izango dira euskal internazionalismoaren historian Pakito nonbait kokatzen ez dutenak. Beraz, zer esan Pakitori buruz?
Ez gara jarriko bere bizitzaren eta ekintzen inguruan asko sakontzen, halako tarterik ez baitugu. Eta ez delako hori gaur gure asmoa. Baina bada zerbait egin dezakeguna: Pakitok utzitako borroka-ereduaren aldarrikapena gaurkotu. Premia badaukagu eta.

Pakito etika marxista iraultzailearen eredu gorenetako bat da. Izan ere, etika horrek norberarena egiten du munduko edozein zapalkuntza, eta elkartasunez eta ekimenez, zapalkuntza hori gauzatzen den edozein lekutan iraultza egitera bultzatzen du langile borrokalaria. Bestalde, bakezalekeria itogarriaren aurka ere egiten du; indarrari indarraren bitartez erantzutea egokia dela goraipatuz, nahiz eta horrek heriotza ekar lezakeen. Begibistakoa da: sistema inperialistari aurre egitean inolako arriskurik hartu nahi ez duenak, ez du borroka egin nahi, eta bere jarduera politikoa denborapasa izatera, edo are okerrago, ogibide izatera, bideratzen du. ‘Che’-k berak ere hala esan zuen: “Iraultza batean, hau benetakoa bada, irabazi edo hil egin beharra dago”. Pakitok ere irakatsi digu, asko, horretatik.
Begoña, Marta, Pakito eta beste hainbat internazionalistak, adibidez hemen gurekin dauden Miren Odriozola eta Agurtzane Urizarrek, El Salvadorren Laura eta Sandra guda-izenez ezagunagoak, ondo zekiten El Salvadorrerako bidea hartzean benetako guduzelai batera abiatu zirela; klase arteko borroka oso gordin ageri zen lurralde batera, herri armatu eta antolatuak agindari ustel eta faxistei eraso zien herrira. Bazekiten, eurekin joan ziren euskal internazionalista guztiek bezala, han bizia gal zezaketela, baina mundu asko eta sozialista bat lortzeko konpromiso maila noraino igo behar den ere argi zeukaten.
Izan ere, El Salvador fase latzean zegoen: sozialdemokraziak agerian utzi zuen alternatiba eraikitzeko ezintasuna, eta oligarkiak herriaren aurkako errepresio basatiena martxan jarri zuen, bere boterea mantentzeko. Matxinada bete-betean zegoen, gaur beste hainbat lurraldetan bezalaxe (Palestina, Kolonbia, Kurdistan, Donbass…). Horiekiko elkartasuna, edozein motatakoa, betebehar moral eta politikoa da munduko edozein iraultzailerentzako.

Gaur, eta etorkizunean ere, kapitalismoaren eta inperialismoaren kontrako borrokan, gatazkak lehertzen direnean, langileok presente izango dugu Pakito. Inork ez dezala pentsa gatazken bukaeran gaudenik; alderantziz, murgilduta gaude; gerran. Baita Europa ere. Bere eredua 1984an bezain baliotsua da gaur. Mundu sozialista bat eraiki arte, beti izango delako baliotsua Pakito, Begoña eta Marta bezalako gudarien eredua, baita beste hainbeste kiderena ere (Mate, Yohan, Jose Mari Lazpita…) Bai atzo, bai gaur, baita bihar ere.
Gora Euskal Herria interenazionalista!
Gora Euskal Herria sozialista!
Hamaika herri, borroka bakarra!
Albistea osatzen gabiltza