Oztoporik gabe hobeto, ezta? [Testua: herritar bat]

7
1495

Tourraren etapa zela eta, Arrasateko (eta beste herri askotako) hainbat errepideetan zebrabideen aurreko eta osteko trabak kendu zituzten. Trabak deitu diet, benetan oztopo baino ez direlako gehienetan eta gehienontzat. Bizkarreko edozein eritasun edo arazo izanez gero, horietatik kotxez pasatzea zenbaterainoko infernua den ondotxo daki jende ugarik, edo bestela galdetzea baino ez dago. Era berean, baina, argi daukat herrian zehar lehentasunezkoa izan behar duela oinezkoen ibilerak, eta horretan ere, gehienok bat gatozelakoan nago, eta horri eusteko ere eskatu nahi nuke.

Esango nuke tramankuluok kendu dituztenetik jendea ez dabilela lehen baino azkarrago errepide zati horretan (Aramaiotik etorri eta erdigunetik Eroskiko biribilguneraino doan errepidea); ikasia dugula, dagoeneko, polikiago ibiltzen herri barruan, ohituta gaudela. Horrez gain, bizkortze eta galgatze gutxiago behar denez, esan daiteke, lasai asko, kontaminazio gutxiago eragiten dugula orain (bai kea eta bai zarata).

Hortaz, zer egin orain? Berriro jarriko al dituzte gomazko “salto eragile” beltz eta gorri madarikatuok? Epealdi batez ez jartzeko eskaria egin nahi nuke, aipatutako abantaila horiez gain, bizkarreko edozein traba dutenen osasunerako ere mesede galanta dela argi dudalako. Proba egingo al dugu eta epealdi baten ondoren dagoen eragina eta gidarion erantzuna eta konpromisoa aztertuta erabakiak hartu udalean?

Baliteke herritarrok denborarekin ikasi izana eta kapazak izatea, traba horiek jarri gabe ere, behar den abiaduran eta erantzukizunaz gidatzeko; saiatuko al gara denok?

7 IRUZKIN

  1. Beste leku batzuetan berriz falta. Kotxeek ezarritako abiadura errespetatuko balute “oztopo” horiek sobran egongo lirateke. Nire etxe inguruak AP1a dirudi…

      • Zerrajera kalea, etxe berriak bukatu dituztenetik kotxeak ziztu bizian pasatzen dira… inguruan haur parkea eta musika eskola berria daude… ez dadila ezer pasa.;

  2. Proposamenarekin bat nator, herritarrok ikasi dugu herritik poliki joaten eta herritarrongan konfintza erakutsi beharko luke Udalak eta proba egin, ez al du konfiantzarik biztanleengan?

  3. Kejatzea libre da baina, egia esan, resalto horiek baino askoz be altuagoak ikusi izan ditut nik beste herri batzuetan.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen