Oztopoak oztopo, Arrasateko realzaleak Sevillan izango dira taldea animatzen

0
3700

Argazkiak: Igor Egidon

Ezin esan dezakegu Realaren Sevillarako bidea erraza izan zenik, abenduaren amaieran, zuzendaritzak Sergio Francisco kaleratu eta lehen taldearen ardura Pellegrino Matarazzori eman zionean, inor gutxik esperoko zuelako udaberrian taldea Kopa irabaztetik pausu bakarrera egongo zenik, baina realzaleek larunbateko zita garrantzitsu horretan egoteko egin beharrekoa ez da xamurragoa izan. Kilometroak, sarrera garestiak, Andaluziako hiriburuan lo egin ahal izateko zailtasunak, sarrera bat lortzeko komeriak…dena izan da oztopo, baina bada bere taldearen ondoan egon ahal izateko edozer egiteko prest dagoen zalerik eta Sevillan Reala ez da bakarrik egongo, ez horixe, eta tartean hamaika arrasatear egongo da, aipatutako oztopoak gainditzeko borondate eta irudimen guztia jarri dutenak.

Saiakerak egon diren arren, azkenean ez da Arrasatetik bidaia antolaturik egon eta bakoitzak ahal izan duen moduan egin edo egingo du Sevillarako bidaia; kotxez, hegazkinez, autokarabanan… «Musakola Txuri Urdinetik ez dugu ezer antolatu, batzuk Musakolan geratuko dira eta beste batzuk Sevillara joango gara. Finaleko sarrerekin tirabira handiak egon dira eta jendea oso haserre dago, prezioengatik eta baita sarrerekin egin den kudeaketagatik ere», aipatu digu Igor Egidon, Musakola Txuri Urdin taldeko kideak, Andaluziarako bidaia ilusioz prestatzen zuen bitartean.

Bere kasuan, atzo gauez irten ziren, autokarabanaz, baina bakoitzak bere ibilbide-orria prestatu du Kopako finalaren egunean Sevillan egon ahal izateko. «Gehienak partidarako sarrerekin goaz, baina beste batzuk sarrerarik gabe, fan zonera, giroaz gozatzera. Han elkartuko gara», azaldu digu.

Extremaduran geldialdia
Jakina da Arrasatek eta Extremadurak badutela konexio berezi bat, arrasatear askok dutela han jatorria eta Sevillan lo egiteko ganorazko leku bat topatzeko ezintasunaren aurrean, realzale ugarik euren Extremadurako herrian hartuko dutela ostatu, handik Sevillarako joan-etorriak egiteko. Adibidez, ia 20 pertsonatako talde bat kotxez mugituko da bakoitza bere herritik Meridara joateko, han autobusa hartu eta Sevillara iristeko. Meridatik ia hiru orduko bidea dago Andaluziako hiriburura.

Baina Arrasaten ere ez da girorik faltako larunbatean. Esaterako, Igor Egidonek aipatu digunez, «Musakolan geratzen diren askok San Isidro elkartean egingo dute topaketa partida ikusteko, edo bestela auzoko tabernetan ere bilduko da jendea».

Kontuan hartu behar da Arrasaten ez dela partida jarraitu ahal izateko pantaila erraldoirik ipiniko. Gipuzkoako Foru Aldundiak 11 udalerritan ipiniko dituzte «zale guneak» partidak elkarrekin ikusteko, baina horien artean ez dago Debagoienako bakar bat ere ez. Aretxabaletan, Ametzueta taldearen ekimenez, izango da pantaila bat eta Eskoriatzan ere Herriko Plazan jarriko dute, kasu honetan Udalaren ekimenez.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen