Zabalik dago Martxoak 8ko XXVI. Kartel Lehiaketa

0
136

550 euroko saria dago jokoan. Oinarriak eta informazioa www.arrasate.eus web orrialdean dago eskuragarri.

Beheko testua: Arrasateko Udala. Argazkia: MB artxiboa.

Arrasateko Udaleko Berdintasun sailak Martxoak 8ko XXVI. Kartel Lehiaketa antolatu du. Aurtengo edizioko leloa da: ‘Martxoak 8: elkartu, saretu eta ERALDATU!’. Lanak aurkezteko epea otsailaren 15a izango da, eguaztena, Arrasateko BAZen. 550 euroko saria dago jokoan.

Johanna Sanchez Berdintasun zinegotziak (PSE-EE) nabarmendu du “badira jada urte batzuk, lehiaketa hau martxan jarri genuela eta eskerrak eman nahi dizkiegu orain arte aurreko edizioetan parte hartu dutenei. Hasieratik lehiaketa honen helburua izan da sormenetik eragitea eta Martxoak 8aren inguruko ekimenak iragartzea, eta erabili ohi dugu herritarrak gonbidatzeko bertan parte hartzera. Artea eraldaketarako tresna ere badelako, jendea animatu nahi dugu aurtengo lehiaketan parte hartzera”.

XXVI. edizio honetan, aldarrikatzen jarraitu nahi da, horrela, Martxoak 8a aldarrikapenerako eguna dela; “antolatzen eta saretzen jarraitzeko eta jendartea eraldatzeko ahaleginari ekiteko; lortutako eskubideetan atzera pausorik izan ez dadin, eta jendarte parekidea eraiki dezagun, denon artean, feminismotik. Izan ere, feminismotik emakumeok* mundua mugitzen dugu eta feminismotik lan egiten jarraituko dugu” berretsi du zinegotziak.

Aurkeztutako kartel guztiekin erakusketa bat egin dezake Udalak.

Oinarriak eta informazioa www.arrasate.eus web orrialdean dago eskuragarri. Edozein zalantza argitzeko idatzi emakumetxokoa@arrasate.eus helbide elektronikora edota deitu honako telefono zenbakietara: 943 79 41 39 / 618 206 233 (Emakume Txokoa) eta 943 25 20 00 (BAZ).

MARTXOAK 8ko XXVI. Kartel Lehiaketa (2023)

2023. urteko Martxoak 8ko kartel lehiaketaren arauak:

1.- Lehiaketa honetan edozein pertsonak hartu dezake parte.

2.- Aurkeztu beharreko kartelen neurriak 50×70 zentimetrokoak izango dira. Inprimatuta eta euskarri digitalean aurkeztu beharko dira lanak.

3.- Teknika librea izango da.

4.- Kartelek derrigorrean testu hau izan beharko dute: Martxoak 8: elkartu, saretu eta ERALDATU!

5.- Irabazleak 550 euroko saria jasoko du (sariak PFEZ-ren atxikipena izango du).

6.- Egoki iritziz gero, aurkeztutako kartel guztiekin erakusketa bat egin dezake Udalak.

7.- Egilearen nortasuna azaldu gabe eta atzealdean lema bat duela aurkeztu behar dira lanak. Horrekin batera, kartazal itxi batean lema bera eta egilearen datuak adieraziko dira.

8.- Lanak Arrasateko BAZera (Arano-Gartzia maisu maistra kalea 8, 20.500 Arrasate-Gipuzkoa) eraman (edo bidali) behar dira. Lanak aurkezteko azken eguna, otsailak 15, asteazkena, 14:00ak baino lehen.

9.- Saritu gabe gertatzen diren lanak, erakusketaren azkeneko egunetik hasi eta hogeita hamar eguneko epean jaso ahal izango dira. Epea amaitu ondoren, egileek lanak jaso ez badituzte, aintzakotzat hartzen ez dituztela pentsatuko du Udalak eta horietaz libreki baliatu ahal izango du, eta ez da onartuko erreklamatzeko edo kalte-ordaintzeko eskubiderik.

10.- Saritzen den lana Udalaren esku gelditzen da. Kaleratzeko eskubidea izango du. Udalak jendaurreko komunikaziorako, kopiatzeko eta banatzeko eskubideak ere eskuratuko ditu; eskubide horiek Udalarenak baino ez dira izango.

11.- Epaimahaia osatuko dute Arrasateko udaleko berdintasun teknikariek eta Arrasateko mugimendu feministako kideak.

12.- Epaimahaiaren erabakia aldaezina izango da.

13.- Lehiaketa honetan parte hartuz gero, esan gura du arau hauek onartzen direla.

Arrasateko Udaleko Berdintasun saila
Tel: 943 79 41 39 / 618 206 233 (Emakume Txokoa)
943 25 20 00 (BAZ)
emakumetxokoa@arrasate.eus
www.arrasate.eus

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen