Otalora-Ignazio Zuloaga zebra-bide berria “2024ko lehen seihilekoan” egingo da

0
1626

Udalak 2023ko abenduan obretarako lizitazioa ireki du. Izan ere, oinezko ugari bertatik igarotzen da, eta arriskua nabarmena da. Horregatik, bizilagunek zebra-bide berria “2023an” egitea eskatua zuten. Pasabideak gauetan argiak erabiliko ditu.

Planoa: Udala, Mondraberrik eraldatua / Argazkia: MB artxiboa.

Obrak egiteko, Udalak 81.031’88 euroko (BEZ barik) aurrekontua onartu du, 98.048’57 eurokoa (BEZ barne). Halaber, kontratuaren iraupena “8 astekoa” izango da.

Udalak azaldu duenez, obrek iraun bitartean, enpresa behartuta egongo da “obra inguruko zirkulazioa (oinezkoa eta ibilgailuena) segurtasun baldintza egokietan mantentzera”.

Udalak iragarri du zebra-bide hauen maila errepidearen maila baino altuago egongo da. Gainera, zebra-bidea “adimenduna” izango da, adibidez Uarkapeko zebra-bideetako baten antzekoa.

Horrek esan gura du “sentsore eta LED panelak izango ditu” eta oinezkoak hurbilduko zaizkionean, zebra-bideko argiak piztuko da, segurtasuna hobetzeko. Oro har, ibilbide “segurua eta irisgarria” egiteko.

Horretarako, “berdegunearen zati bat kenduko da, oinezkoendako lautadatxo bat egiteko, edukiontzietara errazago iristeko. Lautadatxo honetan bi zuhaitz txorkoan jarriko dira (bi astigar) inpaktua leuntzeko”.

Hauek lortzeko, autoentzako “zenbait aparkaleku” kenduko dira, “baina motorrentzako aparkaleku berriak egingo dira, oinezkoaren segurtasuna hobetzen lagun dezaten”.

Udalak 2023ko abenduan obrak egiteko lizitazioa ireki du, hau da, lanak egiteko interesa duten enpresek euren proposamena aurkez diezaiokete.

Otalora kalearen (Iluntz tabernaren ondoan) eta Monterron ondoko Ignazio Zuloagako zatiaren artean ez dago oinezkoen pasabiderik.

Alabaina, oinezko ugarik bertatik igarotzen ditu errepideak. Bertan zebra-bide bat jartzeko eskatua zuten iaz Ignazio Zuloagako komunitate denek, baita Pablo Urangako 6 eta 8koek ere.

Bizilagunek Udalari ohartarazi ziotenez, “gero eta oinezko gehiagok gurutzatzen dituzte errepideak bertatik”, eta horregatik eskatu zioten zebra-bidea “2023an” jartzea.

Orduko Udaleko Obrak, Zerbitzuak, Mantentze eta Auzoak Sailak erantzun zien “2022ko Aurrekontuek partida bat aurreikusten dutela, aurten oinezkoen pasabide bat aztertzeko eta diseinatzeko”.

Udal-sail horrek aurreikusten zuen zebra-bidea egiteko obrak “2023an” egitea. Hala ere, 2024ko hasieran gaudelarik, obrak ez daude abian.

Udal-gobernua berriak gehitu du, 2023ko uztailean, “bizilagunekin bildu eta-gero, kreditu aldaketa bat egin zela eta obrak egiteko partida sartu zela, bizilagunekin adostua”.

Proiektuak aurrera jarraitzen du, eta Udalak gaur (urtarrilaren 10ean) jakitera eman du obrak “2024ko lehen seihilekoan” egitea aurreikusten duela.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen