Udalak ere jakinarazi du OTA sistema berria “abenduaren 4an indarrean” sartuko duela.
Osoko Bilkuraren gehiengoak (EAJ-PNV eta PSE) aurtengo martxoaren 2an erabaki zuen “behin betiko onartzea” TAO sistema berriaren Ordenantza.
EH Bilduk eta Elkarrekin Arrasatek abstenitzea erabaki zuten. Orduan, Udalaren asmoa zen TAO sistema aurtengo “uztailaren 1ean indarrean” jartzea.
Aipagarria da ere TAO honen Ordenantzaren hasierako onarpenaren bozketan, iazko azaroaren 5ean, EAJ-PNV eta PSEk alde bozkatu zutela, eta EH Bilduk eta Elkarrekin Arrasatek aurka.
Hala ere, Udal-gobernuak azaldu izan duenez, data horretarako “ez zen manterialki ezarri” ahal izan aparkatze sistema berria.
Horregatik, Alkatetzak prozesu administratiboa “etetea” erabaki zuen, eta hala argitaratu zen aurtengo uztailaren 14ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.
Ondoren, urriaren 18an erabaki zuen “etendura kentzea”, Alkatetzaren ebazpen baten bitartez, aurtengo “abenduaren 4an indarrean” sartzeko TAOaren Ordenantza.
Bi erabaki hauen berri Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bitartez eman du, gehituz TAOa aplikatzearen aurka “administrazio auzigaietako errekurtsoa aurkeztu ahal izango dela Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazio Auzigaietako Aretoan, Bilbon egoitza duena”.
Errekurtsoa aurkeztu ahal da “bi hileko epean, iragarki hau argitaratu eta hurrengo egunetik hasita”, hau da, 2021eko abenduaren 29ra arte.