Argazkiak: Ramon Ugalde.
OTA, Ulex europaeus: arantzaz jositako sasia, edonora zabaltzeko ahalmen handikoa eta beraz, kendu beharreko belar txar legez tratatzen da, errotik erauzi beharrekoa. Normalean ota hedatzen da lur sail bat epe luze batean lantzen ez denean. Hala eremu hori antzutu egiten da eta nekazaritzarako ezin da erabili. Erderaz argoma edo aulaga deritzo. Gurean OTIE esaten da eta leku izenetan nahiz abizenetan oso hedatuta dago: Otamendi, Otaduy, Otalora.
Ezin esan ezezaguna zaigula berba hori.
Beraz naturak, edo garai bateko baserritarren jakinduriak pista interesgarriak ematen dizkigu otadien zabalkundea ulertzeko: lur bat epe luzean landu barik uzten bada ota nagusituko da, eta nago Mondragoeri ere halako zerbait gertatu zaiola. Urteetan eta urteetan herriko hirigintza landu gabe uztearen ondorioz OTA gailendu zaigu.
Bai, badakit askok esango duzuela Mondragoetar batzuk ez garela hiritar onak… “Klaro! Eske batzuk pote batzuk hartzeko Kalien San Andresetik etorteko kotxie hartzen juek, eta hori ezin da onartu”. Edo “nik ezauketan juat garajie euki arren kotxie etxe aurrien aparketan dauena…..”. Eta onak ez garenez ba azkenean Udalak beste erremediorik ez du izan eta ota ezarri behar izan du.
Bale, onartu beharko dugu ardi zurien artean ardi beltz batzuk ere badaudela. Baina artzaiek? Artalde hori zaintzea bere gain hartu duen politikariek, funtzionarioek eta azpi kontratatutako enpresek lana behar bezala egin dute?
Galdera da Arrasateko Udalak otak ez gaitzan gaina hartu bere lana behar bezala egin du? OTArena neurri handi batean arazo urbanistiko bat da. Hirigintzaren eta mugikortasunaren ikuspuntutik landu beharrekoa. Eta nola erabili ditu Arrasateko udalak espazioa, azpiegiturak, hiriko lotura dinamikoak e.a. aparkatzearen arazoa konpontzeko?
Aztertu dezagun urte hauetan erakunde horrek egin dituen ekimenak:
1.- Laubideko aparkalekua: edo Jose Maria Arizmendiarrietaren plaza azpikoa. Lur azpian dago, lehengo solairuan (-1) 80 plaza daude. Beherago uste dut beste solairu bat dagoela beste 87 plazakin. Bera garaian erabiltzen omen zen. Baina Biteriko Aparkalekua egin zenean Laubidekoa itxi egin zuten, Biteriko aparkalekua kudeatzen zuen enpresak negozioa egiteko aukera gehiago izan zezan.

Ez dakit nortzuk izan ziren erabaki hori hartu zuten politikariak eta zergatia. Errealitatea da kudeatzeko eredu horrekin aparkaleku hau oso gutxi erabiltzen dela. Espazio eta baliabideen xahutze ulertezina.
2.-Biteriko Aparkalekua: Kasu honetan 173 plaza daude. Aparkaleku hau egin zenean Laubidekoa itxi egin zuten. Enprea pribatu batek kudeatzen du. Erabiltzaileen esanetan nahiko garestia da eta horregatik ez da asko erabiltzen.
Noizbehinka aztertu egiten dut parking hauen erabilera eta gehienetan, aste egunetan eta lan orduetan 60 plaza baino ez dira erabiltzen. Jai egunetan, adibidez Domu Santu eguneko goizean Biteriko lur azpiko aparkalekuan 15 kotxe baino ez zeuden.
Arrasateko udalaren jabetzako 260 parkin plazatik 200 edo ez dira erabiltzen. Ehunekora jotzen badugu udalaren jabetzako bi aparkaleku hauen erabilera ia % 40 ere ez da iristen.
3.- Azoka: Zergatik egiten da lur azpiko aparkaleku batean asteko azoka? Kontuan hartuta gainera azoka hau aldizkakoa dela, astean bitan baino ez da egiten eta beraz denbora gehienean erabiltzen ez den beste espazio bat dela? Gainera kontuan hartuta azoka hori etxebizitza askoko eta beraz populazio dentsitate handiko eremu batean kokatuta dagoela. Ulertezina egiten zait. Bertako, inguruko baserritarren produktuak saltzeko ez zen egokiagoa izango Seberon adibidez egitura ireki bat egitea?

Zenbat kotxe aparkatu daitezke eremu horretan? Gainera kontuan euki behar dugu Azokan dagoeneko ez dagoela denda finkorik. Eta bestaldetik gaineko etxeetan azoka dela eta, igogailuak ez direla iristen atartearen mailaraino. Zenbat aparkaleku galdu dira azoka hor mantentzearekin? 60 bat edo?
4.- Uarkapeko pilotalekuaren gaina: Akordatzen naiz frontoi hori egiten hasi zirenan, eta geroago, kotxeak Uarkapeko atzeko bidean aparkatzen zirela. Frontoi hori logika urbanistiko eta praktiko bateaz diseinatu izan balitz garbi ikusten zen kotxeak frontoiaren estalkira bideratu behar zirela. Hau Escatu pabiloian erabili zen eredu edo antzerako formula bat erabili behar zutela: San Andresko BM gainean aparkaleku bat dago. Esparru hori hain gaizki diseinatu zenez Frontoiaren ostean Gaztetxea eta Emakume Txokoarekin bete egin behar zuten, eta frontoia argitzen zuten leihoak tapatuta gelditu ziren. Bide batez esan dezagun frontoi moduan ia ez dela erabiltzen eta bertako gela batzuk gimnasio moduan moldatu behar izan zituztela. Gaztetxea ere leku umela eta hotza da eta Emakume Txokoko eralbiltzaileak kexatu egiten dira ez delako leku segurua. Ondo.

Ariketa xinple bat proposatzen dizuet: Zenbat kotxe aparkatu daitezke tamaina horretako espazio batean?
5.- Mesedeetako ikastetxe ohiaren aparkalekua: Altamirarako igogailu publikoa egin zenean, zergatik ez zen egin geldileku bat eta zubitxo bat Mesedeetako ikastetxeko aparkalekuarekin lotzeko edo konektatzeko? Hain zaila izango zen bertako mojekin akordio batera iristea? Imajinatu zelako azkartasuna lor zitekeen Arrasateko mugikortasunean aparkaleku hori erabiltzeko erraztasun horrekin.

6.- Jose Maria Arizmendiarrieta plaza: Leku hori bakarrik Ostiral goizetan erabiltzen da, merkadilloa egiteko. Gainerako egunetan ez da erabiltzen. Ez leku bat da funtsean, espazio soil eta gogorra, inolako funtziorik betetzen ez duena. Ze arrazoi dago espazio hori aparkaleku moduan ez erabiltzeko?
Baina aukera horiek guztiek galdu egin dituzte, Mondragoe behar bezala ez dute zaindu eta orain utzikeria horren ondorioak ordaintzen jarraitzea tokatzen zaigu. Hainbeste espazio, hainbeste baliabide xahutu ondoren ota iritsi zaigu. Momentuz Mondragoen 37 OTA/TAO makinak jarri dituzte, niretako hondamendi urbanistikoaren monumentu esanguratsuenak dira.
Egoera honetara iritsita badirudi eztabaida politikoa, hau da, zinegotzi eta alderdien arteko eztabaida OTA biguna edo OTA gogorraren ingurukoa dela. Baina gauzak ondo egin izan balira ia inolako gainkostu barik gutxienez 500 aparkatzeko leku izan genezakeen. Arazoa konplexua zen baina nola ez den behar bezala landu orain konponbidea konplikatua eta garestia da: diru gehiago ordaindu gure poltsikotik, errepideko marren koloreak ondo identifikatu, makinak erabiltzen ikasi …. lagun baten aparkalekuan ea zuk aparkatzeko eskubidea daukazun jakitea, amandreari errekaduak egiten laguntzeko ea bere auzoan aparkatzerik dugun edo ez, gure auzoan kotxe ezezegun bat ikusten badugu udaltzainei deitu…. Ota artean galduta eta… haserre.
Guztiz ados nago
Ramon, hausnarketa oso ona, guztiz ados. Ez dakizu nork pribatizatu zituen Biteri eta Laubideko parkingak? Xabier Zubizarretak, 2003.urtean. 50 urtetara lotuta utzi zuen kontratua eta osoko bilkuran onartu zen ezker abertzalea eta ezker batuko botoekin, gainontzekoek aurka egin zuten. Gure herriko ezkertiarrek parking publikoak pribatizatu zituzten. Harrigarria ez da? Eskatu osoko bilkurako akta eta zuk zeuk irakurri, publikoa da.
Emuten dau ezker abertzaliantzako Txiron jauna Che Guevara bat dala.
2003an Arrasateko alkatea Lakunza zen. Wikipedian ipintzen dau.
Akta zein egunekoa eskatu behar da? Eskatzeko asmoa daukat. Iruditzen zait zure informazioa maltzurki idatzita dagoela eta egia ez dela.
Eskatu neska, eta ireki begiak. Xabier Zubizarretak sinatu zuen Lakuntza sartu aurretik eta bera alkate zela plenoan onartu zen. Aktan ikusiko duzu nork bozkatu zuen alde eta nork aurka. EAJk eta PSOEk pribatizazioaren aurka, ezker abertzaleak eta ezker batuak berriz alde. Harrigarria ez da? Eta harrigarriena da nola gero urteetan saiatu diren erabaki oso txar honen ardura beste batzuei botatzen. Baina hor daude aktak eta publikoak dira. Eskatu besterik ez daukazu.
arrazoi ia guztia ezin dizu inork kendu, eduki baduzu eta.
Baina zuk ateratako estadistikak hutsune asko dituelakoan nago eta ikuspuntu konkretu batetik ateratakoak direla iruditzen zait eta ez objetiboak.
Imaginatzen dut idazle jauna, ez zarela arrasateko azokako erabiltzailea? edo agian erabiltzaile puntuala? Badaude astean zehar saltzaile finkoak eta nik dakidala zapatutan ere funtzionatzen dute.
Bai, azokako erabiltzailea naiz eta azoka horretan dauden azoka postu finkoak baldin badaude ere zeinbat dira? Frutadendaren bat? Eta fruta denda hori lurgaineko kokapen batera eramatea posible da. Asuntua da urteetan egon dela eta dagoela azoka bat lurazpiko aparkaleku batean eta hori bidegabekeria handia da.
Aldizkako azokarentzako Sebero proposatzen dut, eta bide batez Gomistioko zurezko egitura berreraiki bertan, azokak babesa izan dezan eta bide batez gure patrimonio arkitektonikoa modu duin batean gordetzeko.
Baina ez da ezer egingo..eta alde horretatik azokako saltoki “finkoak” jarraituko dute.
erabiltzailea… 2 daude, eta lekua 10 edo gehiagontzat ere.
Noiz izan da ba lur azpiko aparkalekua? ez dut ondoegi esagutzn eraikina baina ez dut oso ondo ikusten kotxean nondik sartu izan diren. ¿agian garai batean?
dena dela ezkertzekoa da udalari egiten diozun kritika, biana imaginatzen dut ez duzula OTA ko txartela aterako ez? ni behintzat “boikot” egingo diot inposatutako sistema oni, ez behintza dirua ordaintzen.
Politika politika, txarto dagoena txarto dago, eta utzi batzuek besteei kaka botatzeari, TAO EZ
Jendearen kexak explikatzen ditu.. ta zeozer idazten baduzu arrazoitu..OTA bai ta bai irtengo da
Ramon, idatzi ona
Arazo bakoitzak bere irtenbide dauka, eta honek ere bai.
Uste dut oraingoz denbora dagoela gai hau ondo egiteko, horrexegatik pentsatzen dut lehen urratsa moratoria bat ematea komeni dela.
Garbi daukat azken erabakiak politikariek hartu behar dituztela, baina gai hau gatazkatsua denez Udal Gobernuari eskatu nioke foro edo mahai bat sortzea gai honi buruz eztabaidatzeko. Demokrazian parte-hartzea oso aberasgarria izan daitekeelako.
Oso nabarmena da herritar bakoitzok gure ikuspuntua daukagula, baina hori balore bezala hartu behar dugu, ez oztopo bezala. Adibidez; azoka nik ez nuke Seberon ipiniko neguko eguraldiaren ondorioz, batez ere, saltzaileek oso gaizki pasatuko dutelako, hotz, haizea, euria, e.a. gaur egun azokako saltzaileak dauden lekuan babestuago daude eta.
Ereño, garbi dago DENOK ez ditugula gauzak ondo egiten, zu barne edo zu izan ezik? hala eta guztiz ere, nahiago ditut saiatzen direnak inkisidoreak baino, zoritxarrez foro hau erabiltzen duzu iraintzeko, eta ez ekarpenak edo iritziak esateko.
Ez nago ados Ramonek esan duen guztiarekin, baina gutxienez bere ekarpenak eman ditu, eta horrek bere balorea dauka.