Ostiralean hasiko da Gipuzkoako adinekoen eguneko zentroetako erabiltzaileen txertaketa

0
602

Gipuzkoako Foru Aldundia Osasun Sailarekin elkarlanean ari da txertaketa-kanpainan, eta ostiraletik aurrera eguneko zentroetako erabiltzaileak ere txertoa jasotzen hasiko dira.

Testua: Gipuzkoako Foru Aldundia.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak diseinatutako txertaketa-estrategiari eta haren lankidetza eta laguntza eskaerari erantzunez, ostiralean hasiko da txertaketa Gipuzkoako 63 eguneko zentroetako adineko erabiltzaileen eta 55 urtetik gorako profesionalen artean,  Pfizer/Biontech-en lehen dosiekin. Pasa den ostiralean, otsailaren 19an, 55 urtetik beherako langileei Astrazenecaren lehen dosiak ipintzen hasi zen Aldundia. Kanpaina Donostiako Nuestra Señora de las Mercedes eguneko zentroan hasi zen, eta ostiralean erabiltzaileen eta gainerako langileen txertaketa ere bertan hasiko da.

Gipuzkoako Foru Aldundiak txertaketa-kanpainaren etapa berri hau, lehen dosiaren aplikazioarekin, 2-3 astetan amaitzea aurreikusi du. Gipuzkoan adineko pertsonentzako 63 eguneko zentro daude eta sareak 1.825 plaza ditu guztira. Txertoa jasoko duten hurrengo kolektiboak 15 pertsona baino gutxiagoko bizikidetza-unitateetan bizi diren desgaitasuna eta gaixotasun mentala duten pertsonak izango dira (15 plaza baino gehiagoko zentroek txertoak jaso dituzte), eguneko zentro batera joaten direnak, baita arreta ematen dieten profesionalak ere.

Horrenbestez, Aldundiak 55 urtetik beherako profesional soziosanitarioei Astrazenekako txertoak ematen jarraituko du, eta Pfizer/Biontech-enak erabiltzaileei eta 55 urtetik gorako langileei. Ondoren, honako hauei ere jarriko zaie txertoa: Ikuskaritza zerbitzuko profesionalei, mendekotasuna eta desgaitasuna baloratzeko etxeetara joaten diren taldeei, eta arreta goiztiarreko profesionalei. Pixkanaka, Foru Aldundiaren mendeko gizarte-zerbitzuetako erabiltzaile eta langile diren kolektibo guztiengana iritsi arte.

Txertaketa-kanpaina Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin elkarlanean diseinatu da, eta helburu du kolektibo hauskorrenen eta zaurgarrienen, eta haiek zaintzen eta artatzen dituzten profesionalen artean txertaketa-prozesua bizkortzea. Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiak 6 talde propio ditu, DYA eta Aita Menniren lankidetzaz gain. Horiek guztiek Osasun Publikoko profesionalen aldetik beharrezko prestakuntza jaso dute, eta txertaketa-kanpaina gainbegiratzeaz ere arduratzen dira. Foru-taldeek Gipuzkoako hiru txertaketa-gunetan jarriko dituzte txertoak (Donostian, Eibarren eta Tolosan), adinekoen eguneko zentroetan izan ezik, horietan ekipoak baliabide bakoitzera hurbilduko baitira.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen