Ostiralean amaituko da ‘Udaixe’ ekimenera aurkezteko epea

0
532

Uda honetan ‘Udaixe’ ekimenaz gozatu nahi duten haur guztiek uztailaren 3ra arte (ostirala) dute izena emateko aukera.

Ikasturtea amaitu bada ere, aisialdiko ekimen eskaintza uztailera arte luzatuko da. Uztailean haurren oporraldia arintzeko Udaixe programa antolatu du Arrasateko Udal Gaztetxokoak, aisialdi jarduerak eskaintzeko 11-17 urte bitarteko nerabeei, LH6 barne. Uztailaren 6tik 24ra zabalik egongo dira auzoetako eta erdiguneko gaztetxokoak, lantalde guztiarekin.

Ekimen eskaintza zabala antolatu dute talde txikietan eta lagun giroan egiteko: gaubelak, tailer ezberdinak, mendi irteerak, jolasak etab. eskainiko ditu Udaixek. Aurrez izena eman beharko da ekintza batzuetarako, eta beste dinamika irekiago batzuk ere egingo dira, beti osasun irizpideak zainduz.

Nahiz eta izena emateko aukera ostiral honetan “ofizialki” amaitu, plaza libreak badaude, uztaila guztian zehar izena emateko aukera ere egongo da. Izena ematerako orduan ez da matrikularik ordaindu behar. Dohain dira ekintza denak. Hori bai, ekintza hauetan parte hartzeko formulario hau bete beharko da: https://forms.gle/M6cbLALKb1858p7J6

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen