Ospitalea, Iturbide, Arrasateko Etxez Etxeko zerbitzua,… zaintzako greba orokorrera deitu dituzte

0
637

Hego Euskal Herriko milaka langile azaroaren 17an greba egitera deitu ditu ELA sindikatuak. Grebaren aldarria da “zaintza profesionala (gehienbat pribatizatua) publikoa, duina, unibertsala eta doakoa izan behar duela”.

Beheko testua: Euskal Langileen Alkartasuna.

ELAk azaroaren 17rako greba orokorra deitu du lan merkatu formal prekaritzatuan egoera bereziki kalteberan dauden pertsonak zaintzeko ardura duten sektoreetan (adinekoak, adin txikikoak, aniztasun funtzionala dutenak edo bazterkeria sozialeko arriskuan daudenak…). Grebara deituta daude Hego Euskal Herriko (EAE eta Nafarroa) milaka langile.

Bestalde, ezin ditugu ahaztu etxeko milaka langileak; hauei ez zaie greba egiteko eskubiderik aitortzen, ez eta lan-eskubide oinarrizkoenak, baina zaintza merkantilizatuaren zati nabarmena hartzen dute, sarri esplotazio eta abusuzko baldintzetan.

Jakina da zaintza gehienak pribatizatuta edo merkantilizatuta daudela, enpresa pribatuen esku, zeintzuk etekin ekonomikoa lehenesten duten, eta ez pertsonak zaintzea. Hori guztia, gainera, diru publikoz finantziatuta. Bere burua aurreratutzat duen gizarte batek nolatan onar dezake biziarekin negozioa egitea? Zaintza profesionalizatua publikoa, duina, unibertsala eta doakoa izan behar da.

Koronabirusak eragindako pandemia une historiko larria dugu, eta ezin dugu besterik gabe pasatzen utzi. Zaintza sistemak eztanda egin du eta langileak ari dira, oraingoan ere, ondorioak pairatzen.

Eurek sostengatzen dute milaka pertsonaren bizia, larrutik ordainduz, esplotazio fisiko, psikologiko eta emozionalaren pean. Egunez egun bizia jokoan jartzen dute, bitarteko oso urriekin, langile kopuru eskasarekin, baldintza latzetan. Gure ahotsa entzunarazi behar da hau berriz gerta ez dadin; aski dela esateko unea iritsi da.

Azaroaren 17ko grebak aldaketa historikoa eragin behar du sektore honetan; helburua da zaintza sistema publiko bihurtzea, eta hau gure herrian lehentasun politiko izan dadin lortzea.

Zaintza sektoreko profesionalen lan baldintzak hobetzea ezinbestekoa da zaindu beharreko pertsonek arreta duin eta integrala izan dezaten biziaren ziklo desberdinetan, jaiotzetik heriotzeraino. Zaintza eredu honen oinarriak izan behar dira hurbiltasuna, kalitatezko tratua eta pertsonen autonomiarekiko errespetua.
Azaroaren 17ko grebako aldarriak:

  1. Egoera bereziki kaltebera duten pertsonen zaintza zerbitzuen publifikazioa (etxez etxeko laguntza, eguneko zentroak, zentro erresidentzialak, etxebizitza komunitarioak, tutelapeko etxebizitzak, aterpetxeak, eta esku-hartze sozialeko beste zerbitzu batzuk).
  2. Zuzeneko eta azpikontratatutako enpleguarentzako subrogazio eta finkatze bermea, aldi baterako lanpostuak barne.
  3. 10.000 profesional gehiago kontratatu eta lanaldia %100eraino luzatu (baldin eta borondatez kontrakoa eskatzen ez bada).
  4. Sektoreko genero-arrakala gainditzeko taxuzko neurriak eta zaintzaren balio sozial eta produktiboaren aitortza.
  5. Zuzeneko arretaren ratioak hobetu eta bajan dauden langileen ordezkapena lehen egunetik hasita.
  6. Lan osasuna bermatzeko neurri egokiak, batik bat arrisku psikosozialei dagokienez.
  7. Langileen osatze emozionalerako plana, hein batean bederen pandemiaren kalte larriak arintzeko.

Sektore hauetako langileek badakite ez daudela bakarrik. Senide eta pentsiodun elkarteak eta kolektibo feministak ere borrokatzen ari dira, eta manifestazioak deitu dituzte urriaren 31n lau hiriburuetan. ELAk ere horietan parte hartuko du.

Aliantzak ehuntzen jarraitzeko unea dugu; aldarrikapenak plazaratzeko unea, gizarteak une historiko honen kontzientzia hartu eta urrats bat egin dezan aurrera. Hori baita gizarte justuagoa lortzeko modua, non giza-eskubideak beste edozein interesen gainetik kokatuko diren. Bizia erdigunean izatea ez dadin eslogan hutsa izan eta kapitala-bizia gatazkak kalera irten dezan.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen