Orubean hazitako landaretza kentzeari ekin diote, eta langileendako etxolak jarri dituzte. Aurreikuspenen arabera, obrek “bi urte eta erdi” iraungo dute.
Atzerapenarekin izan bada ere, Arrasateko eta Eskualdeko Ospitale publikoari eraikin bat gehitzeko obrak hasi dira.
Horiek pertsonen eta trafikoaren joan-etorrietan aldaketak eragingo ditu aurki.
Osasun Sailak aurten adierazi du “aurreikuspenen arabera, Eusko Jaurlaritzak 23 milioi euro inbertituko dituela bloke berriaren obran”.
Era berean, lanak esleitu dizkio ABEE (Aldi Baterako Enpresa-Elkarte) bati, zehazki, Construcciones Amenabar SA, Tecsa Empresa Constructora SA, Construcciones Olabarri SL eta Ondoan S. COOP enpresek sortutakoari.
Halaber, Osakidetzak iragarria du bloke berriak “besteak beste, eguneko ospitale mediko/kirurgikoa, medikuntza fisikoaren eta errehabilitazioaren arloa, endoskopia-unitate bat, larrialdi-basea eta erresonantzia magnetiko nuklear bat hartuko dituela”.





