Argazkia: MB artxiboa.
Ospitaleko anestesistek, behar besteko plantila kontrata dadin eta beste behar eta arau batzuk bete daitezen, greba hasi dute asteon.
Atzo azaldu zutenez herenegun “Ospitaleko zuzendari medikuak etxera bidali zuen positibo emandako anestesista bat gaueko 21:00etan. Ondorioz, gaueko 21:00etatik 22:00etara Ospitalea anestesia kobertura barik egon zen”.
Hutsune hori “oso-oso larria da”, izan ere, “ordubete horretan zesarea urgente bat egin behar izan balitz, pertsona bat barea [bazo] apurtuta erietxera etorri izan balitz,… paziente horiek hilko lirateke”.
“Normalena eta ohiko jokabidea da anestesistak, erreleboa iritsi arte, lanean jarraitzea, eta denbora tarte horretan jardueraren bat egin behar balu, babes bereziak jantziko lituzke, hau da, astronauta itxurako babes horiek janztea”. Horrela “behintzat urgentziei arreta egin ahalko lieke”.
“Ordea, zuzendari medikuak anestesista etxera bidali zuen, eta ondorioz debagoiendarren Ospitalea ordubetez eraikin bat baino ez zen izan, zeren eta, zerbait larria gertatu izan balitz, ezin zitekeen arretarik egin”.
“Zesarea urgente bat egin behar izan balitz, ama eta alabatxoa edo semetxoa hilko lirateke, barea apurtutako pazientea hilko litzateke,…”.
Grebaren harira, anestesistek salatu dutenez “Ospitaletik etengabeko eskirolagea egiten ari dira, greban eta gutxieneko zerbitzuetan ari garenak behartzen gaituztelako programatutako zirugia egitera”.