“Oso erreza da gazteak kritikatzea, baina helduek ere askotan ez dituzte gauzak ondo egiten”

5
2131

Gazteak beti egon dira denen ahotan. Askotan kritikatuak eta ez beti ulertuak, gazteak Arrasateko biztanleriaren ehuneko handi bat dira eta ez zaie beti mikrofonoa aurrean jartzen kezkatzen dieten gaiez hitz egin dezaten. Izan ere, gai askori buruz nahi dute iritzia eman gazteek. Hezkuntza, osasuna eta lagunen arteko erlazioa beti izan da kezka bat biztanleriaren sektore horrentzat. Baina orain horiei Covid-19-aren eta horrek dakartzan ondorio guztiak gehitu zaizkie orain. Honi buruz gehiago ezagutzeko Libe Argoitia (18 urte) eta Gorka Etxaberekin (18 urte) hitz egin dugu.

Zer oztopo ekarri dizkizu Covid-19ak?

Libe Argoitia

“Egoera honek arazo asko sortu dizkit Arrasateko alde zaharrean bizi naizelako eta hemen oraingoz ez dugulako fibra optikorik. Horrek eragotzi digu behar dugun Internet guztia ez edukitzea. Anaia unibertsitatean ikasten ari da, eta batzuetan antolatu egin behar izaten genuen, biak bat ez erabiltzeko. Ezin genuen Internet batera erabili, eta horrek arazo bat baino gehiago ekarri digu”.

Gorka Etxabe

“Zaila izan da hezkuntzaren eta gizartearen aldetik. Hezkuntzaren arloan ez zen beti erraza izaten eskolako gaiak eramatea eta horrek zalantza ugari sortu dizkigu. Arlo sozialean ere zaila izan da, denbora eman baitugu lagunen konpainiaz gozatu ezinik, eta gainera, etxeko elkarbizitza ez da beti erraza izan. Etxean eztabaida bat duzunean, errazagoa da kalera irtetea buelta bat ematera, baina hori ez da posible izan eta horrek arazo emozional asko sortu dizkigu”.

Zure ustez, hezkuntza-sistema ondo egokitu da egoera honetara?

Libe Argoitia

“Covid-19ak behartu gaitu batxilergoa beste modu batera amaitzera, eta arazoak ekarri dizkigu, hala nola ikasturtea hilabete beranduago amaitzea. Hala ere, gu ohituta gaude klasean ordenagailuarekin lan egiten, beraz, ez zaigu hainbesteko aldea ekarri. Gainera, klaseak nahi genuen orduan ikusteko eta behar genituen guztietan ikusteko aukera genuen”.

Gorka Etxabe

“Oso egoera arraroa izan da, nik batxilergoa amaitu berri dudalako eta oso urte zaila delako guztiontzat. Hasieran ez zegoen argi selektibitatea edo azterketak nola antolatuko ziren. Uste dut ulertu behar dela denok ezustean harrapatu gaituen egoera izan dela, baina irakasle batzuk hobeto moldatu dira, eta beste batzuek ez dute gauzak horrela egiteko hainbesteko interesik jarri”.

Uste duzu asko kritikatu dela gazteek kalean izan duten jarrera?

Libe Argoitia

“Helduek askotan gazteei leporatzen diete tabernetan gaudenean segurtasun-distantziak ez errespetatzearen errua. Baina mezak ere antolatu dira jende askorekin, eta ez dugu ikusi modu berean kritikatzen zirenik. San Juan egunean egia da jende asko bildu zela kalean, baina bakoitza bere koadrilarekin zegoen eta ez ginen nahasten ohikoak ez ziren beste pertsona batzuekin. Segurtasun-arau guztiak errespetatzen saiatu gara, eta, hala ere, uste dut beste batzuei baino gehiago egozten zaigula errua”.

Gorka Etxabe

“Jarrera asko kritikatzen zaizkigu eta helduak ere ez dira ondo portatu. Jaietan edo lagunekin egon garenean beti saiatu gara segurtasun neurriak jarraitzen, baina ez da beti posible izaten. Arazoa da oso erraza dela gazteak kritikatzea eta guztiaren errudun bihurtzea”.

5 IRUZKIN

  1. Eta haurrak zer? Errugabe bakarrak izateaz gain, ez al dira ba eskubide gehien kendu dizkioten kolektiboa eta beti seinalatuta egon direnak?

    • Amak? Aita bezala, umeak kontrolatu behar dituzte, adinez txikiak baitira…

      Umeei ume izatea debekatu nahi al diezu zu terraza baten lasai zure tragoa hartzeko edo pasioan ibiltzeko? Aitzakiarekin umeak kriminalizatu…nazkagarria

  2. Umeak kontrolatu? ene! eta gero ume izatea utzi ez eta kriminalizatu egiten ditugula esaten duzu? Barkatu eidazu Xaguzar baina… umeak hezi egin behar dira ez kontrolatu eta bitartean nik pasioa egiten badut edo ez nire eskubidea da.
    Edozein modutan ez nintzen horretaz ari, haur horien amak bizi izan dutenaz baizik, beraiekin konfinatuta egon baitira, asko telelanarekin (egunean 8 orduz), etxekolanarekin, umeen ongizate fisiko zein psikologikoaz arduratzen (eta azken hau ez da bat ere erraza izan), ume hauei eskolak ematen, beraien gurasoak zaintzen… eta ez aita ez da horrela egon gehienetan, hobe litzateke horrela izan balitz. Edozelan ez diot ez aitari ez amari errurik botako, ezta umeari ere, hau dena horrela emakumeen kontu egitea pentsatu duenari baizik, produkzioa gelditu gabe eta eskola gelditu gabe zaintza lanak biderkatu, lehen ere emakumea (eta batez ere ama) esklabu ez balitz bezala. Eta beti bezala, honen inguruan komentario gutxi.

    • Umeak hezi, umeak ditugunok. Umeak ez dituztenen iritziz, umeak kontrolatu behar ditugu, covid-19aren errudun nagusienak omen baitira.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen