Goienagusik antolatuta, Oskar Epelde kazetari arrasatearraren hitzaldia astelehen hontan ospatu da Kulturateko areto nagusian goizeko 10:00etan. Hitzaldiaren izenburua: “Hezkuntza eskubidearen erronkak Pokot herrian. Kenyako kontestua” izan da eta harrera bikaina izan du.
Hasiera-hasieratik, herritar askok bat egin nahi izan dute eduki sozialeko hainbat gai jorratu dituen hitzaldiarekin. Goienagusi aspalditik ari da lanean herritar askorekin, bai ariketa fisikoaren alorrean, bai hainbat eduki lantzen dituen kultur agendan.

- Oskar Epelde arrasatear kazetaria, urte luzetan izan da Afrikan, eta han jarraitzen du, Afrikako gaurkotasunaz ETBko albistegietan informatzen, baita Latinoamerikako Tele Sur katean edota Berria egunkarian ere. Lan honetan arrasatearrak une arriskutsu asko bizi izan ditu eta hauen inguruan ere jardun du gaur goizean.
Oso hitzaldi berezia eskaini du, eta herritarrek Afrikako errealitate politikoa zein den eta kontinenteko informatzaile baten egunerokoa nolakoa den hurbilagotik ezagutzeko aukera izan dute. Gaurkotasunaren erretratu gisa eta kontinenteko kideen bizitzetara egindako hurbilketa txiki gisa balio izan duen hitzaldia.

Unibertsitate ikasketak amaituta hasi zen Epelde kazetari lanetan. Albistegietako kazetari gisa egin zituen lehen urratsak, eta ondoren 11 urte iraun zuen ETBko ‘Elkartasun bideak’ programan; orduan piztu zitzaion Afrika ezagutzeko harra. Saioa amaituta, bizitzak eta unean uneko erabakiek eraman dute han geratzera. Berak dioen moduan: “Hartzen dituzun erabakiekiko erantzukizun bat garatzen duzu, eta horrek espero ez zenuen tokietaraino eramaten zaitu”. Orain Afrika du etxea, han bizitza.
Pokot Herria Rift Bailaran kokatuta dago, Kenyan. Ugandako Karamojong Herria ere nahiko gertukoa da, baita Tugen Herria ere.

Hizkuntzak ez dira berdinak baina antzekoak. Pokotak, herri bezala, nahiko galduta ikusten ditu Epeldek. Lehorteek batetik, errealitate sozio-ekonomikoak bestetik (lur-harrapaketak, kontserbazioetarako ere bereziki, bazterketa, garapen eza eta abar) euren abeltzaintza egoera oso larrian jarri dute eta pertsona gehienak honez gero abererik ere ez dute eta noraezean dabiltza, gazteak eta zaharrak ere bai.