Goienagusik antolatuta, kazetari arrasatearraren hitzaldia datorren astelehenean izango da. Hitzaldiaren izenburua ondokoa izango da: “Hezkuntza eskubidearen erronkak Pokot herrian. Kenyako kontestua”.
Argazkiak: Oskar Epelde.
Goienagu elkartetik azaldu dutenez, Oskar Epelde arrasatear kazetaria, urte luzetan izan da Afrikan, eta han jarraitzen du, Afrikako gaurkotasunaz ETBko albistegietan informatzen, baita Latinoamerikako Tele Sur katean edota Berria egunkarian ere. Lan honetan arrasatearrak une arriskutsu asko bizi izan ditu.

Unibertsitate ikasketak amaituta hasi zen Epelde kazetari lanetan. Albistegietako kazetari gisa egin zituen lehen urratsak, eta ondoren 11 urte iraun zuen ETBko ‘Elkartasun bideak’ programan; orduan piztu zitzaion Afrika ezagutzeko harra.
Saioa amaituta, bizitzak eta unean uneko erabakiek eraman dute han geratzera. Berak dioen moduan: “Hartzen dituzun erabakiekiko erantzukizun bat garatzen duzu, eta horrek espero ez zenuen tokietaraino eramaten zaitu”. Orain Afrika du etxea, han bizitza.
Pokot Herria
Pokot Herria Rift Bailaran kokatuta dago, Kenyan. Ugandako Karamojong Herria ere nahiko gertukoa da, baita Tugen Herria ere.
Hizkuntzak ez dira berdinak baina antzekoak. Pokotak, herri bezala, nahiko galduta ikusten ditu Epeldek. Lehorteek batetik, errealitate sozio-ekonomikoak bestetik (lur-harrapaketak, kontserbazioetarako ere bereziki, bazterketa, garapen eza eta abar) euren abeltzaintza egoera oso larrian jarri dute eta pertsona gehienak honez gero abererik ere ez dute eta noraezean dabiltza, gazteak eta zaharrak ere bai.

Ahuntz bakan batzuk dituztenek ere nekez ordain dezakete hezkuntza zikloa. Enplegurik ez dago ia apenas, errepiderik ere ez dago euren mendialdeko zentroetara iristeko, garraio publikoa oso pobrea da, eta oinarrizko gauza guztiak (oinarrizkoa ez denik ez baitago, andra-gizonengan sekulako kalteak eragiten dituen chan’ga delako edaria ez bada) inon baino garestiagoak dira. Ur arazo handiak dituzte gainera baita herritxoetan ere (zeresanik ez “erreserban”, eta esan bezala azpiegitura publikorik ez diete egin apenas, beraz egiten duten nekazaritza ere oso pobrea da).
Testuinguru honetan herri pokotak tendentzia atzerakoi nabarmena ageri du, kulturalki, jarrera patriarkaletan eta abar. Eta emakumeen egoera (ahotsik gabe gizonen aurrean, jabetzarik gabe, umeak bailiren) negargarria da.
Hitzaldia datorren astelehenean (azaroak 8) izango da, goizeko 10:00etan hasita.