Osiñako biribilgunean oinezkoentzako paso bat bermatzeko mozioa aurkeztu du EH Bilduk

0
649

Osoko bilkuran EH Bilduk Osiñako biribilgunean oinezkoentzako pasoa bermatzeko mozioa aurkeztu du.EH Bilduk mozioan eskatu du pasabide bat jartzeko leku horretatik igaro ohi diren oinezkoentzat, Musakolako balkoira igotzeko eta, bereziki, Osiñako baserrirako. Izan ere, bertako biztanleek autoz baino ezin dute modu seguruan irten bertatik. Diputazioa egiten ari den obrak aprobetxatuz, Osiñako bidegurutzeak duen arriskua konpontzeko, biribilgune bat eginez.

Kepa Urteaga EH Bilduko zinegotziak azaldu duenez, “Osiñako baserritik zein EH Bildutik behin baino gehiagotan eskatu diogu Udalari oinezkoentzako pasabide bat jartzeko, baina ez dugu erantzunik jaso. Foru Aldunditik ere erantzun digute ez zela proiektuan sartzen oinezkoentzako pasabide bat egitea, baina obra-zuzendaritzak esan digu bideragarria dela oinezkoentzako pasabide bat jartzea.” Azpimarratu du “harritu egiten gaitu urrats hori egiteko presioa Udalak ez egiteak, herriarentzat eta, bereziki, Osiñako baserriarentzat onuragarria denean.”

Ander Garay EAJ-PNVko zinegotziak jakinarazi duenez, Aldundiarekin harremanetan jarri dira oinezkoentzako pasabidea egiteko aukera azter dezaten. “Aldundiaren erantzunak dio egun ez dela existitzen oinezkoendako biderik hor, eta bazterbidetik pasa behar direla oinezkoak. Beraz, ahalik eta bazterbide zabalena egitea aztertzen ari direla esan digute eta, era berean, obrak hainbat hobekuntza ekarriko dituela inguru horretan. Pausoak eman ditugu eta kontaktuan jarraitzen dugu Aldundiarekin.” Urteagak gaineratu duenez, “ezin gara erantzun horrekin konformatu, eta diputazioari irtenbide bat eskatu behar zaio.”

Mozioa ez da onartu: aldeko botoak 8 (EH Bildu, Podemos Arrasate), kontrako botoak 11 (EAJ-PNV, PSE).

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen