Elkarrekin Gipuzkoak eta EH Bilduk biribilari buruz galdetu diote Aldundiko Bide Azpiegituren Sailari. Diputatuak erantzun du arazoa egiturazkoa dela, “materialen arteko itsaspena egokia ez izateagatik”. Dena den, arazoak jarraituko duela “pentsatzeak ez du inolako oinarri zientifikorik”.
Argazkia: artxibokoa.
Batzar Nagusietako Elkarrekin Gipuzkoak eta EH Bilduk Aldundiari Osinako biribilaren arazoaren inguruan galdetu diote.
Podemos Arrasatek ezagutzera eman du maiatzaren 23ko data duen Aldundiaren agiri bat, galdera horiek eta Bide Azpiegituren diputatuaren erantzunak erakusten dituena.
Elkarrekin Gipuzkoak galdetu dio ea “batez besteko zer iraunkortasun aurreikusi da horrelako biribilgune zapalgarriek izatea?”.
Aintzane Oiarbide diputatuak erantzun dionez “proiektuetan ez da aurreikusten inolako elementu edo unitateren iraunkortasunik”.
Biribila inauguratu eta handik hiru astera konpoketa lanak hasi behar izan zituzten. Hortaz galdetuta, Aldundiak ondorengoa erantzun du:
“Lauzak gainean jartzeko erabiltzen den erretxina aplikatu zenean, badirudi aglomeratua ez zela behar beste hoztu”. Horrek eragingo luke “materialen arteko itsaspena egokia ez izatea”.
“Baliteke, erdiko eraztuna egiteko egun bakarra edukitzean, itsasgarria eta plaketak instalatzeko erritmoa desiragarria dena baino handiagoa izatea”.
Diputatuaren hitzetan, “erabilitako materialek eutsi egiten diete kamioien, autobusen edo beste ibilgailu astun batzuen pisuari eta haiek eragindako narriadurari”.
Lauza txikiei zehazki dagokienez, “badute laborategiko ziurtagiria, egiaztatzen duena ibilgailu astunen 3 milioi gurpil-pasaldirekiko erresistentzia dutela”. Gogoratzekoa da Aldundiak lehen erantzunean adierazten duela “proiektuetan ez dela aurreikusten inolako elementu edo unitateren iraunkortasunik”.
Diputatuak ere erantzun du “kontratistak eta instalatzaileak akatsa aitortu dutela”, eta “berehala esku hartu dutela hura konpontzeko”.
Elkarrekin Gipuzkoak galdetu du ea nork hartzen dituen bere gain dagoeneko egiten ari diren eta etorkizunean ustez egingo diren konponketa horien guztien erantzukizuna eta ordainketa?
Diputatuak erantzun duenez “kontratuen legeak ezartzen duenez”, “kontratistaren ardura da obran edo berme-epean gertatzen diren kalte edo exekuzio txarrak konpontzea”.
Bi enpresek apirileko azken astean eta maiatzeko lehenengoan “errepaso orokor bana egin” zuten, biribilaren erdialdeko gunearen “egoera egiaztatzeko”.
Obraren harrera-akta aurtengo maiatzaren 24koa da, eta beraz kontratistak eta instalatzaileak aurtengo maiatzaren 24tik “urtebeteko berme-epea” aplikatu beharko dute.
Hortaz gain, Aldundiak adierazi duenez, biek ala biek “behar dena egiteko konpromisoa hartu dute, haren funtzionamendu egokia bermatzeko”.
Alabaina, ikuskizun dago ea 2023ko maiatzaren 24tik aurrerako balizko konponketak eta ardurak zeinek ordaindu beharko dituen eta zeinen ardura izango diren.
Ildo honetan, “obraren harrera oraindik ez da egin; epea maiatzaren 24an amaitzen da [Aldundiaren erantzun hauen data ofiziala maiatzaren 23koa da]; eta kontratista exekuzio arazoa konpontzeaz arduratzen ari da”.
Bere hitzetan, gaur egun edo etorkizunean egiturazko arazoak jarraituko duela pentsatzeak “ez du inolako oinarri zientifikorik”. Halaber, akats hori “exekuzio-akats bat izan da”.
Elkarrekin Gipuzkoak galdetu dio ea “kontratazio-klausuletan, materilen iraukortasuna, ibilgailuen pisuak, aparteko kargak… kontuan hartu al diren”.
Bide Azpieguturen Sailaren erantzuna izan da “proiektuetan preskripzio teknikoen agiri bat sartu behar dela, non zehazten diren obra-unitateen ezaugarriak”.
Azkenik, Elkarrekin Gipuzkoak galdetu du Aldundiak nola egiaztatu duen enpresaren biribileetako materialen kaudimen teknikoa. Aldundiak soilik lauza txikiei buruz erantzun du: “laborategiko ziurtagiria dute”.
Ondoren bere osotasunean Elkarrekin Gipuzkoaren galderak eta Bide Azpiegiturak Sailaren erantzunak:
Gaia: Idatziz erantzuteko galderak, Arrasateko Osiñako biribilgune zapalgarriari buruzkoak, Bide Azpiegituretako Departamentuko foru-diputatuari zuzenduak, eta Elkarrkin Gipuzkoa batzarkide taldeko Marivi Eizaguirre andreak aurkeztuak:
1.- Batez besteko zer iraunkortasun aurreikusi da horrelako biribilgune zapalgarriek izatea?
Proiektuetan ez da aurreikusten inolako elementu edo unitateren iraunkortasunik. Faktore hori zenbait alderdiren mende egoten da, hala nola erabilera-intentsitatea, izaten duen klima, jasaten duen trafiko-mota eta abar. Eskuliburu teorikoetan, bai, egiten dira batez besteko iraunkortasun estimazioak; adibidez, seinaleztapen horizontala 2-4 urtean estimatzen da, bertikala 15 urtean, eta bide-zorua errodadura-geruzetan 15 urtean.
2.- Zer dela-eta behar ditu biribilguneak konponketak hiru astera?
Erdialdean goratutako eremu zirkularra osatzeko, aglomeratu bituminoso beroko geruza bat zabaldu zen. Lauzak gainean jartzeko erabiltzen den erretxina aplikatu zenean, badirudi aglomeratua ez zela behar beste hoztu, eta tenperatura altu horrek eragin zuen materialen arteko itsaspena egokia ez izatea. Erretxina azkarregi lehortu zen, nahi baino tenperatura altuago horrengatik. Baliteke, erdiko eraztuna egiteko egun bakarra edukitzean, itsasgarria eta plaketak instalatzeko erritmoa desiragarria dena baino handiagoa izatea.
3.- Erabili diren materialak zergatik ez dira izan eusten dietenak kamioien, autobusen edo beste ibilgailu astun batzuen pisuari eta haiek igarotzeak eragindako narriadurari?
Galderan inplizituki egindako baieztapena ez da zuzena. Erabilitako materialek eusten diete kamioien, autobusen edo beste ibilgailu astun batzuen pisuari eta haiek eragindako narriadurari. Izan ere, lauza txikiek badute laborategiko ziurtagiria, egiaztatzen duena ibilgailu astunen 3 milioi gurpil-pasaldirekiko erresistentzia dutela.
4.- Nork hartzen ditu bere gain dagoeneko egiten ari diren eta etorkizunean ustez egingo diren konponketa horien guztien erantzukizuna eta ordainketa?
Kontratuen legeak ezartzen duenez, kontratistaren ardura da obran edo berme-epean gertatzen diren kalte edo exekuzio txarrak konpontzea. Obraren harrera oraindik ez da egin; epea maiatzaren 24an amaitzen da; eta kontratista exekuzio arazoa konpontzeaz arduratzen ari da.
Aurreko galderan aipatu den bezala, enpresa kontratistak konpondutako exekuzio arazo bat izan da. Etorkizunean arazo berberak izango direla pentsatzeak ez du inolako oinarri zientifikorik.
5.- Kontuan hartu al dira aurrekontuan, erabilitako materialen iraunkortasuna eta kostua? Ikusten ari gara etengabeko konponketak eta etengabeko gastua ekarriko dituztela.
Berriz ere, onartzeak materialek etengabeko konponketak eta etengabeko gastu bat ekarriko dituztela, horrek ez du oinarri zientifikorik. Aipatu bezala, exekuzio-akats bat izan da; beraz, enpresa kontratistak zuzendu egin du.
6.- Kontuan hartu al dira kontratazio klausuletan honelako irizpideak: materialen iraunkortasuna, ibilgailuen pisuak, aparteko kargak…?
Proiektuetan preskripzio teknikoen agiri bat sartu behar da, non zehazten diren obra-unitateen ezaugarriak.
7.- Nola egiaztatu du obra egiteko ardura duen enpresak horrelako biribilguneetarako materialen kaudimen teknikoa?
Erabilitako lauza txikiek laborategiko ziurtagiria dute.





Bai, eta urtea pasa eta gero zer? hondamen guztiak herriaren kontuan? norbaitek gaizki egin zuelako eta besteek ontzat eman ziotelako?
Denok noizean behin gauzak gaizki egiten ditugu, baina onena da zuzentzea, herri diruarekin dena ez da konpontzen.
Utzi ridikuloa egiteari rotonda baten kontura. Herriak beste 1000 arazo ditu.
Jo Aldecocea zementuzko aurpegixa euki bihar da hori esateko zure alderdixak daukenian erru asko Arrasate hankaz gora egotiana.