Osinako bidegurutzean glorieta bat egingo du Aldundiak 2022ko “hasieran”

5
1293

Hartara, 168.000 € baliatuko ditu, eta obrek “8 aste” iraungo dute. Biribilgunearen kanpoaldea zapalgarria izango da.

Goiko argazkia: Google Maps / Behekoa: Aldundia.

Bidegurutze honetan lau errepidek bat egiten dute: Saihesbidetik datorrena (lehentasuna duena) eta beste hiru mugimendu STOPa daukatenak.

Horrek zenbait arazo sortzen ditu: “Bergara aldetik saihesbidetik datorrenaren gehiegizko abiadura, bigarrenik gainontzeko hiru mugimenduen artean lehentasuna argi ez egotea eta, honekin lotuta, edozein maniobra egiteko mugimendu bat baino gehiago zaindu behar izatea”.

Hala adierazi du Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbidek, eta gaineratu behar da bertan istripu asko izan direla.

Diputatuak gaur goizean iragarri du bidegurutzean biribil bat egingo dela. Hain zuzen, Gipuzkoako Foru Aldundiak biribilgune bat eraikiko du GI-627-ko 30. puntu kilometrikoan, Osiña-Ospitaleko lotunean.

Diputatuak adierazi du “Arrasate ekialdeko mugimenduak, eta bereziki Arrasateko ospitalekoak eta Musakolako industriaguneko joan-etorriak, erraztuko dituela azaldu du”.

Proiektuak 168.108,57 euroko aurrekontua dauka, eta obrak egiteko epea zortzi astekoa izango da. Hilabete honetan lizitatzekoa da eta “datorren urte hasieran” obrak hasiko dira.

“Aldundiak, bide-segurtasuneko lanen barruan, bidegurutzeak hobetzeko programa bat du martxan, eta, trafikoak aztertu ondoren, lau adarreko bidegurutze hori biribilgune bihurtzea erabaki dugu”, azaldu du Aintzane Oiarbide diputatuak.

Maria Ubarretxena, Arrasateko alkateak, azpimarratu du lan honen garrantzia eta eskertu Gipuzkoako Foru Aldundiak Arrasaten burutuko duen inbertsioa: “herrigunera sartzeko bide garrantzitsuenetako bat da eta, aldi berean, eskualde mailako zerbitzua eskaintzen duen ospitalea dugu bertan, eta baita enpresa ugari ere”.

Gehitu duenez, bertan “trafikoa handia izan ohi da eta aktuazio honekin bide segurtasuna nabarmen hobetuko da, bai auto, autobus, bizikleta… baina baita oinezkoena ere. Herriko azpiegiturak hobetzen jarraitzeko apustua betetzen jarraitzen dugu, irisgarritasuna hobetuz eta herritarren segurtasuna lehenetsiz; elkarlanean, sinergiak batuz”.

Bide Azpiegitura diputatuak aurreratu duenez proiektua idazterakoan izan duten zailtasunik handiena “espazioarena izan da, bidegurutzea oso espazio txikian kokatzen delako: Deba ibaia daukagu alde batera eta GI-627ko zubiaren estriboak ditugu beste aldera eta hor kokatu behar dugu biribilgunea”.

Diseinatu den biribilguneak 19,20 metroko kanpoko diametroa dauka eta 5 metro zabaleko barne eraztuna. “Biribilgunearen diametroa kontua izanik, 8’10 metroko barruko eraztuna erabat zapalgarria izango da, ibilgailu astunek eta autobusek biraketa maniobra errazago egin dezaten”.

Biribilgune honen bitartez “saihesbidetik datozen ibilgailuen abiadura mantsotuko da eta mugimenduak erraztuko dira”, zehaztu du Oiarbide diputatuak.

Halaber, “inguru honetako argiztapena nabarmen hobetuko da, 250W potentziako LED argiteria dauzkaten bi luminaria jarriz”.

5 IRUZKIN

  1. Ezker abertzalia beti kexaka. Ez dau importa errepide hortan istripu asko egotia, Txironistak beti marmarka. Eurak boterian zazienian ezer erez itxen zauien Arrasate guztiz abandonatuta utzita.

    • Errepide horren inguruko ardura norena da?Aldundiarena, ezta?Eta aipatzen duzun ezker abertzalea, Txiron eta zure fobia guzti horiek udal gobernuan zeudenean nor zegoen aldundian boterean?EAJ. Nork zuen Arrasate abandonatuta?EAJ-k.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen