“Osasungintza publikoa duintzeko” LAB bozkatzera deitzen du Arrasateko Ezker Abertzaleak

0
927

Bideoak eta argazkia: LAB / Beheko testua: Arrasateko Ezker Abertzalea.

Arrasaten ere bat egiten dugu Debagoieneko ospital zein anbulategian langileek bizi duten egoerarekin. Interinitate amaigabea, osasuna pribatizatzeko Osakidetza egunero baliabidez nola hustutzen den pairatzea, gaixotzen gaituzten itxaron zerrendak, lehen arretaren ezintasuna, Oposaketen salerosketak…

Nabarmena da aldaketak behar ditugula. Langileek lana eta bizitza bateragarri bihurtzeko, herritarrok osasuntsu bizitzeko eta Debagoienak Jaurlaritzatik ezarritako politika neoliberalak geldiarazteko.

11 urtean ez da hauteskunde sindikalik deitu Osakidetzan eta azaroaren 28an zabalduko dira berriz bozkalekuak. Osakidetzako langileak deituak daude beren bozkarekin osasungintza publikoaren hurrengo urteetarako ildoak ezartzeko. Debagoienean argi dugu, LABek urteetan egindako lana babestu eta bere aldeko indarrak biderkatzeko unea da.

Pribatizazioaren aurkako lanean jarraitu beharra dago: Osakidetzak bere pertsonalarekin eta modu publikoan egin beharreko hainbat lan kanporatzen ditu. Publikoa edukiz eta funtzioz husten ari dira. Tantaz tanta egiten ari den pribatizazio isila da hau. Jarraipen estua egin beharra zaio eta LABek egin bezala, salaketen bidearekin jarraitu beharra dago. Momentuz, EAEko osasungintza publikoan 194.000.000 euroko balioa duten pribatizazioak geldiarazi ditu LABek eta horretan jarraitzeko lanean segi beharra dago.

Langileekiko politikak aldatzeko eta hobetzeko unea ere bada, azken urteetako Osakidetzaren gainbeheraren arrazoi nagusia langileen kudeaketa desegokia izan baita. Langile politikak aldatzea eskatzen dugu. Lan kargak aztertzea, plantillak handitzea, egonkortzea eta lan baldintzak hobetzea ezinbestekoa da; ratioen lege berri bat behar da; eta politika feministak behar dira. Izan ere, emakumeek* ardura postuetara iristeko zailtasunak dituzte, eta kontziliazio eta erantzunkidetasun politika egokirik ez dago. Azken batean, dauden Aukera Berdintasun Planak ez dira eraginkorrak.

Langile guztiok gara ezinbestekoak. Zerbitzu publiko on bat eskaintzeko guztion lana (medikuak, erizainak, zeladoreak, garbitzaileak, administrariak…) beharrezkoa da, eta guztien defentsa ezinbestekoa. Hori da LABen konpromisoa.

Ezin albo batera utzi ere Osakidetzak behar duen euskalduntzearen aldeko jarrera argia: Osakidetza euskalduntzeko plana exijitzeko unea da. Plaza guztiek izan beharko lukete profila, eta egun ez da horrela. Euskalduntzea borondatezkoa da, eta, noski, horrek ondorioak ditu: ezinezkoa da euskaraz lan egitea eta zerbitzua euskaraz jasotzea.

Horregatik, urteetako lana bozka paper bakarrean biltzen duen bozkaren alde egiten dugu. A28an LABen osasungintza publikorako proposamenarekin bat egiteko dei egiten dugu.

ORAINTXE DA UNEA!
GORA LANGILEON BORROKA!!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen