Osasun Saila: Arrasateko Ospitaleak 31 lagun ospitalizatuta izan ditu koronabirusaren une larrienean

0
1613

Martxoaren 20an koronabirusa zuten 7 lagun ospitalizatu behar izan zituen. Hori izan zen ospitalizazio gehien izandako eguna. Herenegun Arrasateko Ospitaleak ez zuen Covid-19 pazienterik, Osakidetzaren arabera.

Argazkia: Mondraberri artxibokoa.

Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur ere ez du azaldu Arrasaten azken egunetan ofizialki zenbat positibo izan diren.

Hala ere, Arrasateko Ospitalearen inguruko hainbat datu eman ditu atzo eta gaur, hain zuzen, Covid-19aren krisiaren hasieratik herenegun arteko datuak.

Estatistika hauek erakusten dute martxoaren 20an ospitalizazioak nabarmen ugaritu zirela: egun horretan Arrasaten ospitalizatutako 7 pertsonak koronabirusa zuten.

Debagoieneko Erietxe honek, krisiaren une zailenean, 31 pertsona izan ditu ospitalizatuta aldi berean, koronabirusarekin edota bestelako osasun arazoekin. Paziente kopuru hori martxoaren 27, 28 eta 29an mantendu zen.

Hurrengo egunetik aurrera, baina, ospitalizatutako pertsonen kopuruak beherantz egin zuen. Joera hori mantendu egin da, eta adibidez apirilaren 14an 6 pazientek alta jaso zuten edota beste erietxe batera eraman zituzten.

Horien ondorioz, eta pazienteen eta profesionalen esfortzuei esker, apirilaren 21ean lortu egin zen Arrasatekoa Covid-19 pazienterik gabeko erietxea izatea. Datuek aditzera ematen dutenez, hala jarraitzen ei zuen atzo.

Aipatutako datu horiek erietxeko plantan ospitalizatutako pertsona kopuruari dagokie. Arrasateko Ospitaleak UZI (Zaintza Berezien Unitatea) ez duenez, bertan ez da halako pazienterik izan.

Era berean, datu horiek ez dituzte kontuan hartzen Arrasaten eta eskualdean Covid-19aren sintomekin etxean izandako pertsona guztiak.

Erlazionatutako albistea:

1.200 test egin dira eskualdean, 80 alta eta 13 heriotza izan dira ospitalean orain arte

2020ko apirilaren 15ean argitaratutako albistea

Datu gehiago ikusteko klikatu hemen

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen