Osasun publikoaren egoerari buruzko bi mozio aurkeztu dira osoko bilkuran

1
502

Osasun publikoaren sistema izan zen atzoko osoko bilkuraren beste gaietako bat. Bi mozio aurkeztu ziren. Lehenengoa EH Bildurena da, eta honako izenburu hau du: «Osakidetzako herrietako anbulatorioen itxieraren aurkako eta osasun sistema publikoa indartzea eskatzeko». Eta bigarrena EAJ-PNVk eta PSE-Eek aurkeztuta, «Osasun publikoa indartzeko sistema» izenburupean.

Lehen mozioan, EH Bilduk salatu du “Osasun Sistema Publikoaren egoera azken urteetan hartutako erabakien ondorio dela: etengabeko arretarako guneak ixtea, profesionalak falta izatea, osasun-zentroak ixtea…”

Horregatik, EH Bilduk aurkeztutako mozioan eskatzen da “Eusko Jaurlaritzak berma ditzala osasun-sistemak urte osoan eskaintzen dituen zerbitzuak, udan barne; alda dezala, lehentasunez, mediku egoiliarren kontratazio-eredua, kontratu egonkorrak bermatuz; eta handitu dezala Lehen Mailako Arretako mediku, erizain eta gainerako osasun-profesionalen kopurua.”

Anuska Ezkurra EAJko zinegotziak EH Bilduri eskatu dio “bigarren puntua aldatzen baduzue, medikuen kontratazio ereduaren aldaketa ezabatuta, ez dugula arazorik mozioaren alde bozkatzeko; izan ere, jarraian aurkeztuko dugun mozioa, PSE-EErekin batera, lehen eta hirugarren puntuak berdinak dira.”

Maider Morras bere aldetik, EH Bilduko zinegotziak erantzun du “ez gaudela prest aldaketa hori egiteko, egungo kontratazio-eredua jasanezina delako. Une honetan, erizaindegiaren lan-baldintzak onartezinak dira.”

Anuska Ezkurrak gaineratu du “argi geratu nahi dugula Eusko Jaurlaritzari legegintzaldi honetarako hartutako konpromisoak betetzeko eskatzen diogula. Jakin badakigu gabezia asko daudela.”

EH Bilduren mozioa ez da onartu, EAJk eta PSE-EEk aurka bozkatu baitute, eta EH Bilduk eta Arrasate Podemosek alde.

EAJ-PNVk eta PSE-EEk aurkeztutako mozioa

EAJ-PNVk eta PSE-EEk aurkeztutako mozioari dagokionez. Mozioak 4 puntu ditu, lehena eta hirugarrena EH Bilduren mozioaren berdinak. Gobernu-taldeak aurkeztutako mozioak bigarren puntua bereizten du: “Arrasateko Udalak Osasun Sailari eskatzen dio urtero eskain dezala profesionalen belaunaldi-txandari erantzutea ahalbidetzen duen prestakuntza-eskaintza egiaztatu oro. Horrez gain, kalitatezko enpleguaren parametroen barruan lan-kontratu bat eskaini behar da.”

Anuska Ezkurrak hiru mezu gehitu nahi izan ditu: “Osasun publikoa beti, Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honetarako hartutako konpromisoak betetzea, eta kalitatezko enplegu egonkor baten alde.”

Bestalde, Maider Morrasek erantzun du “guretzat ez dela sinesgarria, EAJk EAJri eskatzen diola betetzen ari ez dena, eta ez dela sinesgarria PSEk PSEri eskatzen dionik betetzen ari ez dena. Osasun publikoa krisian dago, eta zerbitzuz husten ari zarete. Eta hori ez da gertatzen ari pandemiatik hona, 2012tik ari da gertatzen herri honetan, zerbitzu eta langile faltarekin.”

Mozioa aurrera atera da EAJ-PNV eta PSE-EEren aldeko botoekin (12), Podemos Arrasateren kontrako botoarekin (1) eta EH Bilduren abstentzioarekin (8).

Iruzkin 1

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen