Osakidetzak azpikontratatutako garbiketa-zerbitzua greban dago otsailaren 27tik. Gaur goizean elkarretaratzea eta manifestazioa egin dituzte Arrasaten.
Beheko testua: ELA. Beheko argazkia: Tono Camaño.
ELAk bi asteko greba deialdia egin du, otsailaren 27tik martxoaren 12ra, Osakidetzako garbitzaile kontratatuen artean, karrera profesionala ordaintzea eta Hitzarmenaren Negoziazio Mahaia desblokeatzea lortzeko.
ELAk salatu du patronalak eta administrazio publikoak azpikontratatutako langileak bigarren mailako langile gisa tratatzen dituztela. Bost urte baino gehiagoko negoziazioaren ondoren, patronalak ez du inolako borondaterik erakutsi garbiketaren kolektiboarentzat hobekuntzak negoziatzeko. Osakidetzak ospitaleak eta anbulatorioak garbitzeko zerbitzua ematen du, bai bertako langileekin, bai azpikontratatutako langileekin, funtzio eta zeregin berberak betez. Hala eta guztiz ere, Osasun Sailak lan-baldintza desberdinak aplikatzea erabaki du, Osakidetzak zuzenean kontratatzen duen edo zerbitzu hori enpresa pribatuen esku uztea erabakitzen duen kontuan hartuta.
