Ortuetako lagunek gustuko zaletasunarekin aurrera jarraitzen dute

0
1648

Unai Rodriguez eta Saturnino Moreno arrasatearrek Erguinen ortu bana dute. Baratze txukunak dituzte, eta eguzkiak gogor jo arren, gustura ikusi ditugu baratzeko lanetan.

Erguin atzealdeko ortuetan Saturnino Moreno Fernandez aurkitu dugu bere lursail lantzen. 40 urte daramatza atxurrari eragiten auzo honetako bizilagun ohiak.

“Zaletasun oso osasungarria da, hemen ez duzu alkohola edaten edota tabakorik erretzen. Euririk ezean, ni egunero etortzen naiz ortura”.

Lagun honek hainbat barazki landatzen ditu “patatak, lekak, zerbak eta tipulak besteak beste” eta inguruko beste lan batzuk ere egin izan ditu. Gogotsu ikusi dugu zaletasun honi eusteko.

Bertatik hurbil, Unai Rodriguez bere ortuan baratze-lanetan aurkitu dugu. 22 urterekin ekin zion lurra lantzeari, eta 7 urte daramatza zaletasun honekin.

Hainbat barazki landatzen ditu, eta konfinamenduan ortura etorri ahal izan da abere batzuk bertan dituelako, lau hankadun lagun hauei janaria eman ahal izateko.

“Dena den, baimenik izan ez banu ere, ortura etorriko nintzatekeen ez daukalako zentzurik baimentzeak adibidez supermerkatuetan jende asko elkarren ondoan ibiltzea eta aldi berean debekatzeak ortuan bakarrik aritzea”.

Unai gogotsu ikusi dugu zaletasun honekin jarraitzeko, eta eguerdi aldeko eguzkipean ere lanean aritu da baratze txukunean.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen