Oroitzapen ugari izan dira AEDren 40. urteurren jaiaren irekieran

0
1007

Jarraian, beste hiru ekitaldi izan dira Sebero Altuben: Anabel Ugaldek gidatutako bisita ibiltaria, Kidam magoaren bermut magikoa eta Erraldoi eta Kilikien kalejira. Ekitaldiek arratsaldean jarraituko dute.

AED elkartea bere 40. urteurrena ospatzen ari da gaur ere, larunbata, aurten hainbat ekitaldi egin ostean. Jaia Kulturateko areto nagusian hasi da, ‘Egindakoaz harro, goazen haratago’ lelopean, eta 40 urte hauetan euskararen eta Arrasateren alde egindako lana gogoratu dute. Ekitaldian Eñaut Zubizarreta ‘Trigger’ musikariak eta Amaiur Luluaga dantzariak ere parte hartu dute.

Ainhoa Vitoriak ekitaldiaren aurkezpena egin du, eta eskerrak eman dizkie bertaratutako guztiei, besteak beste, AEDko bazkideei, dinaminazoreei eta herriko elkarteei, bai eta Arrasateko Udaleko ordezkariei ere. Ondoren, Eñaut Muxika AEDko lehendakariak hartu du hitza, elkartearen ibilbidea gogoratuz.

Muxikak azaldu duenez “AED 1983an sortu zen, Arrasaten euskararen egoeraz kezkatuta zeuden euskaltzale batzuk antolatzen hasi zirenean, nahiz eta ordurako urte asko zeramatzaten gaueko eskolekin, euskaltegiekin, eskolekin… lan egiten. Horrela sortu zen Arrasate Euskaldun Dezagun elkartea. Bide luze eta emankor baten ondoren, harro gaude egin dugun lanaz.” Sorreran parte hartu zutenak eta 40 urtez AEDn beren aletxoa jarri dutenak ere gogoratu ditu, besteak beste, orain dela gutxi zendu den Bitori Etxeberria.

Jarraian, beste hiru ekitaldi egin dira. Sebero Altuben hasi da Anabel Ugaldek gidatuta Arrasatetik egin den ibilbidea. Bestalde, Kidam magoak bermut magikoa eskaini du. Gainera, Erraldoi eta Kilikien Konpartsak kalejira egin du herriko erdigunetik.

Ekitaldiek arratsaldean jarraituko dute. Eguerdiko 14:30ean Uarkapen bilduko dira Bea Egizabalek eskainiko duen ‘Klownklusioak’ bakarrizketak alaituko duen babajanaz gozatzeko, eta ondoren, DJ Goikolearen diskofestaz gozatzeko arratsaldeko 17:30etik aurrera.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen