Ikus-entzuleek goraino bete zuten atzo San Frantzisko eliza, lau hamarkada geroago, Arrasaten Rachmaninoff-en 2. kontzertua eskaini baitzen. Garai hartan Arrasate Musikaleko Orkestran aritutako Javier Retegi, Iñaki Maidagan, Arturo Goicoechea, Iñaki Agirreurreta, Mikel Olazabal eta Nestor Maidaganek atzoko kontzertuan ere parte hartu zuten. Jon Mestre Arzuaga piano-jole bakarlari gazteak ere esku hartu zuen atzokoan.


XXI. Udaberriko Musikaldiaren baitan, atzo arratsaldean, Rachmaninoff-en 2. kontzertua eskaini zen San Frantzisko Elizan.

Eliza entzulez lepo zegoen, eta hainbatek zutik jarraitu zuten emanaldi berezia. Izan ere, “42 urteren ostean, herriko hainbat musikarik berriz ere interpretatuko dute obra hau”.

Javier Retegi (biola), Iñaki Maidagan (flauta), Arturo Goicoechea (piano bakarlaria izan zen orduan, eta atzo kontrabaxuan aritu zen), Iñaki Agirreurreta (fagota), Mikel Olazabal (oboea) eta Nestor Maidagan (klarinetea jo zuen orduan, eta atzo perkusioa). Horretaz gain, “Marijose Ugarteburu fagot-joleak ere jo zuen” atzo “bigarrenez obra hau”.
Garai hartan, “Arrasate Musikaleko orkestrako kide ziren, Juanito Arzamendi zuzendari zutela. 1983/1984 ikasturtea zen eta hainbat lekutan eskaini zuten obra”.
“Lehendabizikoa Arrasateko Amaia Antzokian izan zen, eta ostean etorri ziren: Bordele (Frantzia), Zarautz, Gasteiz, Logroño, Donostia, Carrara (Italia) eta Worns (Alemania)”.

Lau hamarkada baino gehiago igaro dira ordutik, eta atzoko kontzertuan Txomin Maidagan Ruiz arrasatearrak zuzendu zuen orkestra.


Hain zuzen, “kontzertu honetarako espreski osatutako orkestraren gidaritza” egin du, eta tartean aita eta osaba musikari lanetan izan zituen.

Hori gutxi ez eta Jon Mestre Arzuaga oñatiarrak piano-jole bakarlari gisa jardun zuen San Frantziskon.
Kontzertua ikus-entzuleen oso gustukoa izan zen, eta hala adierazi zuten txalo beroak eskainiz. Zorionak guztiei!



