Ordenagailu eramangarriak eta tabletak bilduko dituzte Ekin Emakumeek eta Udalak arrakala teknologikoa murrizteko

0
660

Ekin Emakumeak elkarteak, Udaleko Aniztasun Sailaren babesarekin, arrasatearrei laguntza eskatu die arrakala teknologikoa murrizteko. Horretarako, ordenagailu eramangarriak eta tabletak bilduko dituzte.

Beheko testua: Ekin Emakumeak. Argazkia: Vozpopuli.

Geroz eta teknologikoagoa bihurtzen ari den gizarte honetan, gure egunerokotasuna (salerosketak, tramite burokratikoak, bankuetako tramiteak, tramite laboralak, eskola …) geroz eta gehiago digitalizatzen ari den garai hauetan, egunetik egunera, desoreka eta arrakala amaigabea eragiten ari gara herritar zaurgarrienen kalterako.

Ez gaude digitalizatze prozesu horren aurka, bai ordea, digitalizatze hori pribilegio bihurtuko bada. Digitalizatzea bai, beti ere, horretarako, baliabide digitalak denon eskura jartzeko gai bagara edota horiek eskuratzeko bideak errazteko gai bagara.

Maiz artatzen ditugu gure elkartean, baliabide falta horrek eraginda, edozein tramite digital egiteko beharra duten herritarrak eta, zer esanik ez, seme-alabei eskola lanetan laguntzeko izugarrizko zailtasunekin aurkitzen diren emakumeak. Eta noski, bizi dugun osasun krisialdiak, baliabide horien ezinbesteko beharra areagotu du eta baita agerian utzi ere digitalizatze prozesu hau pribilegio bihurtu dela askorentzat.

Hau guztia kontuan izanik, herriko hainbat enpresekin harremanetan jartzeaz gain, arrasatear norbanakoei ere kolaborazioa eskatu nahi diegu.

Nola lagundu?

Zaharkituta edo etxeko txoko batean baztertuta izan ditzakezuen ordenagailu portatilak edota tabletak eskainiz. Aukerarik ikusten baduzue, jarri gurekin harremanetan eta, pozarren, eskaintzeko duzuena gure bulegoan, Pablo Uranga 4, behean, jasoko dugu.

Denon artean, bide eman diezaiogun aukera berdintasunari, hitz hutsaletatik harago … Ekintzara! Gauzatzera!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen