Argazkia: MB artxiboa.
2021eko maiatzean Iturriotz kalean argazkia atera zuten alkatetzak zuntz optikoa Alde Zaharrean berehalaxe jarriko zela iragarriz komunikabideen aurrean, hain ohikoa duten argazkiaren politikaren beste agerraldi batean. Hauxe izan zen orduan titularra: “Herritarrek zuntz optikoa erabili ahal izango dute alde zaharrean 2022ko lehen seihilekotik aurrera” Urtebete igaro da ordutik, epea betetzear dago eta guztiok argi ikusten dugu urruti dagoela oraindik Alde Zaharreko biztanle nahiz langileok ganorazko Internet konexioa lortzeko unea. Pazientzia handiz jokatu dugu bai herritarrek bai Zuntza2021 taldeak, baina eurek emandako epeak agortu egin dira eta Alde Zaharreko bizilagunoi pazientzia agortzen ari zaigu.
Lanak 2021ko azaroan hasi ziren Ferreriasen, orain dela urte erdi baino gehiago, eta oraindikFerrerias kaleko zati batzuetan agertzen eta desagertzen dira toki berberetannoizean behin beharginak, ezin dutenak inolako eperik eman instalazioaren inguruan, euren hitzetan. Hala ere,ez dirudi urte osoa hartuta ere amaituko denik instalazioa, oraindik atarte eta etxeetara sartzeko prozesua ozta-ozta hasi ei da eta. Erritmo honetan, noiz amaituko dute? Zenbat urte beharko dira? TAO/OTAko bulegorako berehala sartu zuten zuntza, baina, noski, hori Udalaren behar bat asetzeko zen.
Badirudi zarata hasten denean argazki batekin edo komunikabideetarako bidalitako “berriren” batekin erantzuten dutela alkatetzatik. Irudipena daukagu Zuntza2021ek egin duen agerraldi bakoitzeko Udalak eman duen erantzuna ez dela izan zuntzaren instalazioan benetako aurrerapauso eraginkor eta esanguratsuak emateko, baizik eta Zuntza2021 eta herritarrak lasaitzeko. Horrela, lortzen dute Arrasateko herritar ugarik pentsatzea Alde Zaharrean zuntza dagoeneko erabilgarri dugula, eta aldi berean, denbora erosten dute hilabete batzuetarako, jendeak arduradun politikoen fede onean sinetsi nahi duelako.
Alde Zaharrean bizi garenok edota lan egin behar dugunok askotan ez daukagu aukerarik Internet zerbitzu erdi-erabilgarririk edukitzeko. Negozio txiki askotan konexioa jausi egiten da, eta azkenean bezeroei emandako zerbitzua guztiz oztopatuta geratzen da. Etxebizitzetan ere ehundaka arrasatearrek ezin dituzte ezta eskolako lanak ere egin, ezta dokumentuak saretik jaitsi.
Horregatik orain ez dugu nahi alkatetzatik beste komunikatu edo albiste gisa etorriko den pilula lasaigarririk, ez eta bestelako aitzakiarik. Lanean ganoraz hastea exijitzen dugu, herritarrak epeen inguruan eta instalazioaren nondik norakoen inguruan zintzotasunez aldiro informatzea eta instalazio lanei Udaletik benetako jarraipena egitea. Kanpora saltzen den Arrasate moderno eta lehiakorrak ez daukalako zerikusirik askok bizi dugun eguneroko errealitatearekin.




