“Oraindik ez da ziurtatu Irulegiko eskua euskararen aitzindari bat denik”

0
400

Julen Manterola hizkuntzalariak ‘Euskararen historia orokorra’ hitzaldia eman du Kulturaten. Duela 2.000 urte inguruko datuekin 1890 inguru bitartekoak.

ISEAak antolatuta, atzo arratsaldean gure hizkuntzaren inguruko ekitaldia egin zen Kulturaten, herritar ugari elkartuz.

Hizlari-lanetan Julen Manterola Agirre aritu da, hizkuntzalari eta ikerlari, baita Euskaltzaindiaren Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoaren koordinatzailea ere, besteak beste.

Ekitaldia “euskal filologian erabiltzen diren garaiekin” egituratu du, eta adierazi du “euskarazkotzat jotzen ditugun lehenbiziko datu idatziak duela 2.000 urte ingurukoak” direla.

“Lakarraren periodizazioaz geroztik, onartzen dugu akitaniera bat badela duela 2.000 bat urteko euskararen lekukotasunak bilduko lituzkeena”.

Erdi Aroari dagokionez, euskararen garai hau 1500 urtera bitartekoa izan zen. Bi garai hauei “euskararen protohistoria deitzen diegu, hau da, benetan idatziak agertu baino lehenagoko garaia, nahiz eta zenbait lekukotasun txiki dituen”.

Lekukotasun horiek “erdal testuetan ageri dira, gaztelaniazkoetan, latinezkoetan, frantsesezkoetan”. Julen Manterolak protohistoriako idazkunak azaldu ditu hitzaldian.

“Saiatu naiz Arrasateko datu batzuk ere ekartzen, erakusteko artxiboetan nolako altxorrak dauden. Leku-izenak eta pertsona-izenak dira, baina guretzat garrantzitsuak dira euskararen historia egiteko”.

1545ean Etxepareren mugarriarekin “hasten da benetan euskararen historia. 1400 eta 1600 urte artekoari euskara arkaikoa deitzen zaio, Erdi Arotik Aro Modernora bitartekoa”.

Euskara modernoa ere hizpide izan du Julen Manterolak, “1745era arte luzatuko genukeena, urte horretan beste mugarri linguistiko bat dugulako: Larramendiren hiztegia”. Ondorengo garaia ere, 1745etik 1890era artekoa, mintzagai izan du.

Hitzaldiaren ostean, Irulegiko eskuaren inguruan ere galdetu diogu. “Linguistikoki, nire ustez, lehenik eta behin, oraindik ez da ziurtatu hori euskara denik edo euskararen aitzindari bat denik”.

“Beste termino batzuk aipatu izan dira, baskoniko eta halakoak, baina ondoren analisiak euskararen bitartez egin dira. Nire ustez, oraindik ez dago batere garbi hori euskara edo euskararen aitzindari den hizkuntza bat denik”.

“Ikusi beharko dugu ea iberiera izan daitekeen edo ez, badirudi zeltiberiera ez dela, nik gai horietaz ez dakit, nik euskararen ikuspegitik dihardut”.

“Iberiera den edo ez den, hori ez dut nik erabaki behar, edo iberieraz aurkitzen diren datuekin bat egiten duen edo ez”.

“Euskararen ikuspegitik, nik nahiko tarte ikusten dut euskarazkoa ez denaren hipotesia oraindik aintzat hartzeko”.

Aurrera begira, datorren astean, ‘Euskara batuaren bizibidea’ hitzaldia emango du Pello Salaburuk, urtarrilaren 18an. ISEAk antolatuta, ekitaldia 18:00etan hasiko da, Kulturateko areto nagusian.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen