Julen Mendizabalen eta Aitor Garagarzaren iritzi artikulua.
Mikel Oterok gure nazio menderatuaren zati bateko elite politiko-ekonomikoek murgildu nahi gaituzten distopia kokatu zuen: “Confebask eta haren tentakuluen oldartze basatia hurrengo urteetan emango den errentaren [txikiagotzen ari dena] banaketaren inguruko liskar izugarriaren ataria besterik ez delakoan nago. Erakutsitako zintzotasuna eskertzen diet. Ea espabilatzen laguntzen digun, egoera hau zertaz doan ulertzeko”.
Testuinguru aldakor honetan, patronalak ondo baino hobeto ulertu du bere burua non kokatu eta bere ipurgarbitzaileek haien diskurtsoak bitarteko guztiak erabiliz zabaltzen dituzte. Izututa daude eta beldur dira gauzak ez ote diren berriro beraien onerako izango, herri sektoreen aurkako eraso handi berri bat prestatzen ari dira, faxismo sozial lauso baina sendoko eskalada batean murgilduz, zeinaren bidez eta gure bizitza guztien aurka haien kapitala babestea beste helbururik ez duten.
Haiek oso ondo ulertu dute hau guztia zertaz doan, herri honetako ezker independentistak mahai handi bat sortzeko izan duen sen ona, “Moncloako gure itun propioa”, baztertua izan da. Argi geratu da patronala eta bere ordezkari politikoak ez direla herri honetako sektore politiko, sozial eta sindikal batekin eseriko gure heriotza sinatzeko ez bada. Idigorasi egozten zaion esaldi bat dago, guk lagun on bati, “PNV barik zaila, PNVrekin ezinezkoa”. Esaldiaren subjektua aldatu eta emaitza berbera izango da. Berriro ere gure muga, mendekotasun eta konplexuekin topo egin dugu. Aska gaitezen, patronalarentzat inolako botere politikorik ez eta botere politiko guztia herriarentzat.
Bitartean baldintza objektiboak eta subjektiboak ematen ari dira ezker iraultzaileak, Europan hamarkada asko iraun duen atzerakada historiko batean murgilduta, galtzada-harrien azpiko hondartzan ezkutatu zituen aldarrikapen, eskaera eta lorpen premiak berriz ere altxatzeko.
Gainditu dezagun diplomazia liberala eta jar ditzagun errotik bizitzak erdigunean. Sen onetik sen komunitariora igaro. Kontua jada ez da krisia haiek ordaindu dezatela esatea, baizik eta aldarrikatzea herri-klaseek ordainarazi egingo diegula, jendea menderatu eta esplotatzeko dituzten erdi aroko pribilegioekin amaituz. Orain dena nahi dugu, lapurtu diguten guztia nahi dugu. Izan ere, haientzat gure guraso eta aitona-amonen bizitzek ez dute deus balio eta guretzat berriz gure guraso eta aitona-amonen bizitzek dena balio dute.
Honela zioen Parisko Komunako Batzorde Zentralak 1871ko Martxoaren 18an: “Klase menderatzaileen porrot eta traizioen erdian, arazo publikoen gidaritza gure eskuetan hartu eta egoera salbatzeko garaia iritsi dela ohartu gara”. Guk itxialdian gaudela diogu klase menderatzaileari agintean jarraitzen utziz, atzoko politika sozioekonomiko berdinek berriz ere egungo arazo berdinetara ekarriko gaituztela. Hau da Amalurrak eman digun irakaspena eta ez dugu sekula ahaztuko.
Kooperatiba, enpresa txiki eta ertainak, Euskal Herriko funtsezko langile eta intelektualak, osatu dezagun klase menderatzailea agintetik kentzeko bloke bat. Eraiki dezagun Euskal Errepublika izan eta erabakitzeko, zaintza-sistema publiko komunitario baten bermatzaile, eman diezaiegun euskal nazionalitatea migratzaile guztiei, zaintza-sektorean lan egiten dutenak sistema publikoaren parte izan daitezela, enpresa handiak eta sektore estrategikoak nazionalizatu ditzagun, osasuna erabat publikoa izan dadila eta pribatua desagertu, burujabetza mota guztietako burujabetzen bitarteko eta oinarri: osasun burujabetza, elikadura burujabetza, energia burujabetza… Bizitza da kapitalaren hondakinen gainean iltzatuko dugun bandera.
Ekonomiaren gaineko kontrola hartu nahi dugu, gutxieneko errenta bat nahi dugu, etxebizitzak nahi ditugu, lana eta irabaziak banatu daitezela, pentsio duinak gerraoste eta diktaduran hazi behar izan ziren gure nagusientzako -zor dizkiegu-, jorratzeko lurrak nahi ditugu, egun gutxiago lan egin, zaintzarako eta zainduak izateko denbora libre gehiago izan, aurrez-aurreko harremanetarako kalitatezko denbora librea izan, denbora librea ere herri guztietan loratzen ari diren elkarte- eta kirol-ehunari eskaintzeko, erabilera-balioa truke-balioari gailentzea, trantsizio plan bat armagintza eta autogintza industriarako, emakumeen legebiltzarra nahi dugu, presoak kalean nahi ditugu, AHTaren lanak behin betiko gelditu daitezela nahi dugu, unibertsitate publiko, doako eta kalitatezkoa nahi dugu, kubatar estiloko amantal zurien armada nahi dugu, osasuna eta elikagai onak nahi ditugu, polizia gutxiago eta dibertsio gehiago. Hori guztia eta askoz gehiago nahi dugu. Orain dena nahi dugu.
Parisko Komunari erreferentzia eginez Marxekin amaituko dugu: “Langile klaseak ez zuen Komunaren miraririk espero. Langileek ez dute inolako utopiarik prest herriaren dekretuz ezartzeko. Badakite, beren emantzipazioa lortzeko, eta horrekin batera egungo gizarteak bere garapen ekonomikoagatik ezinbestean ekarriko duen bizimodu goren hori lortzeko, borroka luzeetatik igaro beharko dutela, hainbat prozesu historikotatik, egoerak eta pertsonak eraldatuko dituztenak. Pertsonek ez dute idealik gauzatu behar, hilzorian dagoen jendarte burges zaharrak bere baitan daramatzan jendarte berriaren elementuak askatzea besterik ez du egin behar”. Libratu ditzagun txikotak eta askatu ditzagun elementuak 149 urte igaro dira eta.
Oharra: Guretzako oso garrantzitsua da entzutea. Hurrengo geltokia Euskal Errepublika dela pentsatzen duen ororentzat helbide elektroniko hau zabaldu dugu denanahidugu@protonmail.com artikulu honi kritika egin eta ekarpenak jaso ahal izateko. Modu batean ala bestean Españapean jarraitzea nahi dutenek aldiz, ez dezatela gurekin denborarik galdu. Eskerrik asko aldez aurretik.
Aitor Garagarza eta Julen Mendizabal