Manoel Martinezek anestesista bezala lan egin du Arrasateko Ospitalean. Bere aldeko bilkurak salatu du berak ere “jazarpen eta tratu txar instituzionalak” jasan dituela.
Argazkia eta bideoa: ESK sindikatua.
“Osakidetzak bota egiten gaitu” bilkura egin zen herenegun Ospitale parean, ESK sindikatuak deituta. Besteak beste, EH Bilduko ordezkaritza bat ere bertan izan zen.
Elkarretaratzeak salatu zuenez “pertsonok lehenik, Osakidetzaren ustea da, baina langileok ez dugu halakorik ikusten”.
“Kontratuen prekarietate nabarmenaz gain, bidegabekeria, ustelkeria eta patronalaren irregulartasunak” salatzen dituzten langileei “tratu txarrak ematen zaizkie”.
Aurtengo maiatzean, Arrasateko Ospitaleko Roberto Sanchez anestesistak, hau da, “Osakidetzako oposizioetan iruzurra salatu zuen” anestesistetako batek, bere lanpostua “utzi behar izan zuen”.
Izan ere, “jazarpen eta tratu txar instituzionalak” jaso zituen, eta orain bere lankide batek, “Osasun Zerbitzuko ustelkeriaren beste salatzaile” batek, Manoel Martinezek, gauza bera egin behar izan du.

Bien bitartean, Debagoieneko ESIko “Zuzendari Medikoa joan zenetik, ezer gutxi edo ezer ez da aldatu Arrasaten”. Anestesia Zerbitzuek “gutxienekoak izatean jarraitzen dute, guardiak egiteko langile propiorik gabe, eta Akordio Arautzailea ez da betetzen”.
Izan ere, “karteldegiak gutxienez bi hilabete lehenago planteatu gabe jarraitzen baitute. Gainerako langileek karteldegiko aldaketa arbitrarioak jasaten jarraitzen dute”.
Larrialdi Zerbitzuek “ez dute beharrezko gutxienekorik Debagoieneko herritarrek merezi duten arreta bermatzeko, eta Lehen Mailako Arretak eraiste-prozesuari jarraitzen dio”.
Manoelen irteera “beste buelta bat da gure lan-baldintzen prekarizazioan, eta ESI honek eman beharreko osasun-arretan. Baina Zuzendaritzak eta Osakidetzak ez dute zalantzarik herritarren osasuna arriskuan jartzeko”.
Ildo honetan, Manoelek hitzartze bat egin zuen bilkuran, eta bertaratutako beste pertsonek txalo beroak eskaini zizkioten, “ez-ez-ez, errepresiorik ez!” adieraziz.